Auzobatzarrak abiatuko ditu Kortezubiko Udalak
Herriko auzoetako bizilagunen beharrak bertatik bertara ezagutzeko helburuz abiatuko dituzte auzobatzarrak. Domeka honetan (azaroa 2) ekingo dio bilera errondari, 12:00etan, Lezika taberna-jatetxean.
Kortezubiko Udalak auzobatzarrak egingo ditu, herriko auzoetako bizilagunen beharrak bertatik bertara ezagutzeko helburuz, eta domeka honetan (azaroa 2) ekingo dio bilera errondari. 12:00etan bilduko dira udal ordezkariak Oma eta Basondo auzoetan bizi diren herritarrekin, Lezika taberna-jatetxean.
“Auzo bakoitzaren ezaugarriek herritarren eskariak erabat desberdinak izatea eragin dezake, horregatik auzoz auzoko batzarrak egingo ditugu. Udal gobernuarentzat garrantzitsua da zuzenean ezagutzea zeintzuk diren gure bizilagunen beharrizanak, eta bertaratzea errazteko, topaketa hauek domeka goizetan egingo ditugu”, azaldu du Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak. Ondorioz, iradokizunak eta beharrizanen araberako hobekuntzak proposatu gura dituztenei bertaratzeko eta parte hartzeko deia egin die, udalagaz batera herriaren “aurrerapenean” lan egin dezaten.
Zehaztu dute batzarretan parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango hitzordua erreserbatzea, izan ere, ordezkariak bertaratzen diren auzoko guztiekin bilduko dira.
Lehenengo saioa Oma eta Basondoko bizilagunekin izango da, baina hurrengo domeketako aurreikuspena jakinarazi dute dagoeneko: azaroaren 9an, Santa Ana eta Terlegizko bizilagunekin bilduko dira; azaroaren 16an Enderikan egongo dira, eta 23an, Idokilizen; ostera, azaroaren 30ean izango da Elorrixa-Barrutiko bilera. “Udalak udalaren komunikazio kanalen bidez eta behar besteko aurrerapenagaz jakinaraziko du ze leku eta ordutegitan egingo diren bilerak. Era berean, behar den aurrerapenagaz jakinaraziko da aurrez ezarritako egutegian aldaketaren bat badago”, jakinarazi dute udal arduradunek.
Ekimen honen bidez udalaren eta herritarren arteko “distantzia murriztu” gura dute, “herritarrei erraztasunak emanez eta kortezubitarrei udal gobernu taldeagaz zuzenean komunikatzeko aukera” eskainiz.
Gainera, gogoratu dute alkateak, “ezustekorik ezean”, bariku goizetan eta asteko beste une batzuetan beharrezkoa bada, hala eskatzen duten bizilagunei arreta ematen diela udaletxean.