Autodefentsa feminista tailerrean izena eman daiteke
Interesa duten 16 urtetik gorako emakume guztiei zuzendutako jarduera da, euskaraz eskainiko dena, eta sei orduko iraupena izango duena, azaroaren 7an eta 8aren bitartean. Izena ematea udalaren webgunearen bitartez egin beharko da.
Gernika-Lumoko Udalak emakumeen berdintasuna eta ongizatea sustatzeko ekintzak bultzatuko ditu, eta, ondorioz, Autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du azaroaren 7rako (barikua) eta 8rako (zapatua), Santanape kiroldegian.
Interesa duten 16 urtetik gorako emakume guztiei zuzendutako jarduera da, euskaraz eskainiko dena, eta sei orduko iraupena izango duena: azaroaren 7an 17:00etatik 19:00etara bitartean eskainiko dute saioa, eta azaroaren 8an 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Jakinarazi dute lekuak mugatuak izango direla, gutxienez 10 pertsonakoak eta gehienez 20koak. Izena ematea azaroaren 5era arte egongo da zabalik eta udalaren webgunearen bitartez egin beharko da hori.
Esther Lopez Monge Wen-Do metodoko irakasleak zuzenduko du prestakuntza. Safo eskolaren sortzailea da bera, eta segurtasun pertsonala eta autokonfiantza indartzen duten tekniken irakaskuntzan izandako ibilbideagatik da aintzatetsia.
Ikastaroaren helburu nagusiak dira norberarenganako konfiantza sustatzea, biktimaren rola apurtzea eta arrisku egoerei aurre egiteko gaitasuna indartzea, eta autodefentsarako oinarrizko teknikak ikastea eta praktikan jartzea.
Horrelako ekimenen bidez, Gernika-Lumo Udalak dio berdintasunarekin, ahalduntzearekin eta emakumeen eskubideak hobetzearekin duen konpromisoa berresten duela, “gizarten seguruago, bidezkoago eta errespetuzkoagoa” sustatuz.