Andrabideren transformazio prozesua abian da
Andrabide harrobi ingurua ingurumen sentsibilizaziorako "erreferentziazko gune" bihur dadin, birgaitze lanak egitenari dira bertan. Obren aurrekontua ia 750.000 eurokoa da.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpeko Urdaibai Biosfera Erreserbako zerbitzuak Gautegiz Arteagako Andrabide harrobi ingurua egokitzeko proiektua abian jarri du. Egitasmoa Next Generation EU Europako funtsek finantzatuta dago, eta, 749.000 euroko aurrekontuarekin, harrobi inguruko esparrua berreskuratzea bilatuko dute; jomuga nagusia da Andrabide balio “ekologiko, sozial eta hezitzaile” handiko naturgune bilakatzea, natur ondarearen kontserbazioa tokiko biztanleen bizi kalitatearen hobekuntzarekin “uztartatuz.
Proiektuaren prozeduraren barruan, lurzorua birgaitzea, landare espezio autoktonoak landatzea eta faunarentzako egokiak diren habitatak egokitzea izango dira estreinako ardatzak, eta dagoeneko “gauzatzen” ari dira “natuaren birsorkuntzarako eta biodibertsitatearen sustapenerako” lehendabiziko urratsak. Bestalde, bultzatzaileek aipagarritzat dute Andrabiden dagoen bide sarea “berreskuratu eta hobetu” egingo dutela, ingurunean eragina izan dezaketen “trazadura berriak irekitzea” ekidinez. Alde horretatik, barrualdeko bidezidor, pasabide eta begiratokiak egokituko dituzte, baita anfibioentzako putzu bat eraiki ere, hainbat espezieren “sarrera zein ugalketa” erraztu daitezen.
Ez hori bakarrik: lorategi botaniko didaktikoa ipintzea ere puntuetako bat dela aurreratu dute. Lorategi horrek informazio panelak edukiko lituzkeela argitu dute, seinaleztaturiko zuhaitz zein landareekin, haurrek nahiz helduek horiek identifikatzen eta beren ezaugarri nagusiak bereizten ikas dezaten. Jarduketa multzoaren noranzkoa, azaldu dutenez, Andrabideko harrobi ingurua ingurumen sentsibilizaziorako eta hezkuntzarako “erreferentziazko gune” bihurtzea da, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzako Planaren betetze esparruan kokatuta.