Uraren kudeaketa eraginkorra bultzatzeko hodien digitalizazioa amaitu du Errigitiko Udalak
Udalerriari zerbitzu eraginkor, energetiko eta ekonomikoak emateko gestioen esparruan, hornikuntza-sareko hodietan uraren emaria kontrolatzeko sentsoreak instalatzeko lanak amaitu berri ditu Errigoitiko Udalak.
Errigoitiko Udalak, udalerriari zerbitzu eraginkor, energetiko eta ekonomikoak emateko gestioen esparruan, hornikuntza-sareko hodietan uraren emaria kontrolatzeko sentsoreak instalatzeko lanak amaitu berri ditu. Hala, esan dute ur-hodiak digitalizatzeak udal-sare hidrikoaren kudeaketa optimizatzeko teknologiak sartu behar direla esan nahi duela; besteak beste, ihesak detektatzea, kontsumoa monitorizatzea eta uraren kudeaketa eraginkorra.
Uraren zikloaren fase guztietako datuak eta informazioa batzeko eta bidaltzeko 5 gailu instalatu dira lanen baitan, emarien neurketa eta kalitate kontrola hobetzeko. Sentsore horiek sare osoko hainbat puntutan instalatu dira, Arrias-Bizkaiganeko hasierako ur-biltegitik Olabarriko amaieraraino. 2024an jarri zuten lehen sentsorea Agarren, Arriasen depositutik Madalenen depositura arteko tartean. Orain, Olabarrirainoko instalazioa osatzeko, sentsore bat jarri da Eleizalden, beste bat Mendin eta beste sentsore bana Itsuniz eta Olabarriko kanalizazioaren bidegurutzean, azaldu dutenez.
Sentsoreen informazioaren jarraipen eta kontrola udal-langileen esku egongo dela zehaztu du Errigoitiko Udalak, bestalde. Horretarako, “aplikazio digital bat” erabiliko dute, eta horregaz, uneoro eta denbora errealean ezagutuko dituzte herriko hodi-sareko ur-emarien mailak. “Sistema horrek etengabeko neurketa eskaintzen du, egon daitezkeen ihesak azkar eta zehatz detektatzeko eta udalerriko ur-zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko”, zehaztu dute.
Laguntzazko tresna.
Horren baitan, Frank Zubiaga Errigoitiko alkateak hurrengoa adierazi du: “Uraren kontsumoaren kontrol eraginkorra Errigoitin egiten ari garen zerbait da, emariak eta deskuidoak arretaz jarraituaz, ur-emari sarreren eta irteeren desberdintasunak kontrolatuz. Orain, aurrerapen teknologiko hauek herriko uraren ziklo integralaren kudeaketan txertatzean, uraren kudeaketa iraunkorrean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzeko aukera izango dugu. Gainera, sareen kudeaketan eraginkortasun eta kalitate kontrol maila handiagoak bilatzen lagunduko digun tresna da”.
Hala, aurreratu dute hodiak digitalizatzeko udal inbertsioa 16.758,50 eurokoa izan dela, Bizkaiko Ur Patzuergoan sartutako udalerrien taldekoa ez delako. Argi dute, horrekin, Errigoitik sareen kudeaketan eraginkortasunean irabaziko duela, eta era berean, “uraren kudeaketa iraunkorrean, energia-kontsumoa murriztearen eta informazioa kudeatzeko sistema arin eta garden bat garatzearen aldeko apustua” egiten du.