Gernikaren izena zabaldu dutenei omenaldia
Gernikako "enbaxadore onak" diren Javier Rui-Wamba ingeniariari, RK Informatika enpresako John Pollock eta Gontzal Uriarte ekintzaileei eta Oscar Solloa fraile frantziskanoari errekonozimendua egin die Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gaur, Urriko Azken Astelehenez.
Urriko Azken Astelehena merkatu tradizionala da, 659 urte inguruko historia daukana. Gernikak, hiribildu izendatu zutenetik, astero azoka egiteko pribilegioa jaso zuen bere hiri gutunean eta ordutik ospatzen da urtero gaurko egun handia. Historia luzea daukan azoka da, errotzea eta nortasun propioa izatea lortu duena. Erosketa tradizionalak egiteko ez ezik, topaleku, sozializaziorako leku edota eskualdearentzako jai gune ere bada, eta gaur, egun hori ospatzen dabiltza herriko kaleak betez.
Hala, baina, eguna aprobetxatu gura izan du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Gernikaren “enbaxadore onak” diren eta izan diren horiei errekonozimentua egiteko. Iaz, Gernikara lan egitera etorritako pertsonei euren lanaren errekonozimendua egin zien, udalerriari behar zuen eskualana eskaini ziotelako. Eta, aurten, udalerriaren izena zabaltzen duten horiei egin die: Javier Rui-Wamba ingeniariari, RK Informatika enpresako John Pollock eta Gontzal Uriarte ekintzaileei eta Oscar Solloa fraile frantziskanoari.
Rui-Wamba ingeniaria Gernika-Lumon jaio zen, eta ingeniari “ospetsu eta ezaguna” izan zen. Gorroñok gogoratu du 27 edo 28 urte zituela Esteyco enpresa sortu zutela, eta, ordutik, maila nazional zein nazioartekoan lan egin zuela, 800 proiektu baino gehiago aurrera eroanez 30 herrialdetan baino gehiagotan. Eta, bere lan horretan, Gernikaren izena zabaldu zuela adierazi du Gorroñok, baina haren alaba Isabel Rui-Wambak ere. “Nire aitak gizartean lagundu nahi zuen, ondarea utzi, eta egindako lanagatik hainbat aitortza jaso zituen. Hala ere, bere ilusio handiena gernikarra izatea zen, eta hemen bere marka uzteko aukera izan ez bazuen ere, ziur nago aitorpen hau izango litzatekeela ilusio handiena egingo ziona”, onartu du.
Bestalde, Pollockek eta Uriartek egindako lana ere aitortu du alkateak, euren enpresa “hazten eta hazten” ikusi dueña esanez. Izan ere, nabarmendu du Errenterian hasi eta udaletxe ondoan ibili zirenetik asko handitu dela enpresa: gaur gaurkoz ia 80 langile dituzte. “Eskerrik asko Gernikako herriaren izenean, bertatik egiten duzuen lanagatik”, esan du alkateak.
Pollockek eskerrak eman dizkio, eta “pozik” agertu da Gernikatik lanean aritzeagatik: “Duela 25 urte hona etortzeko zortea izan nuen, eta paisaiak, kulturak eta bertoko jendeak maitemindu ninduten. Ikasteko, lan egiteko eta ekiteko aukera eman zenidaten, eta ez dut hori alferrik galdu nahi izan. Duela 20 urte bi pertsonako denda txiki bat sortu genuen, eta gaur egun ia 80 langileko enpresa bat da, 7 bulego dituena. Baina, horiek guztiak Gernikatik kudeaten ditugu. Eskerrik asko aukera ematearren”.
Solloaren ibilbidea eta lana ere eskertu ditu Gorroñok, izan ere, Gernikan jaio eta 10 urtera Arantzazura joan zen fraile frantziskotarra. “Handik hara eta hona ibili da, orain Santo Toribio de Liebanan egon arte. Aurton, baina, berriro ere Arantzazura itzuliko da, eta omenaldia egin gura genion, joan den lekuetara joan dela Gernikaren izen ona zabaldu duelako”, esan du. Berak, bere aldetik, errekonozimendua eskertu du.