"Gaurkoa moduko sariketek lanari eusteko sua bizirik mantentzen dute"
Eulateko (Nafarroa Garaia) Remiro Gaztandegikoa da Urriko Azken Asteleheneko gaztarik onena. Kanala Beach jatetxeak gogor borrokatu du gazta garailearen erdia lortzearren, eta 7.400 euroren truke patrikaratu du. Bigarren saria Legutioko (Araba) Bostibaieta Gaztandegiak jaso du, eta haren gazta erdia Sondikako Zurekinbus enpresak eskuratu du. Azken unera arte, lehia gogorra egon da enkanteko partaideen artean.
Eulate inguruko larre orlegietatik Gernika-Lumoko kale koloretsuetara bidaia egin du aurtengo Urriko Azken Azokako gaztarik onenak. Bere ekoizlea, Ricardo Remiro artzain nafarra, “sinistu ezinik” azaldu da, garaipena eskuratu ahal izanagatik zeharo “hunkituta”. Urbasakoak urteak daramatza artzain, ekoizle eta abeltzainei dagozkien sariketetan goi maila eta erabateko pasioa bistaratzen. Iaz, hain zuzen ere, bigarren gaztaren saria patrikaratu zuen Urriko Azken Azokan, bere bigarren parte hartzean. Aurten, goreneko langa gainditu du eulatearrak.
Zelan hartu duzu garaipena?
Zoramen hutsa izan da. Azokara gatozen hirugarren aldia izan da; iaz bigarren postua lortu genuen, eta aurten koska bat igo dugu maila. Badago motiborik pozteko, horrenbestez.
Esperotakoa, beraz?
Ezta gutxiago ere: beti hoberen aritzen saiatu arren, ez genuen geure burua garailetzat jotzen.Ā

Kanala Beach-eko ordezkaritza, ezkerrean; eskuman, Ricarlo Remiro ekoizlea.
Nolako gazta da zuona?
Ez da gazta oso berezia: gainontzekoenaren oso antzekoa da. Hori bai, gatzagi naturalagaz eginda dago, eta gatz puntu egokia du; horrek zapore ez oso gogorra baina atsegina ematen dizkio. Oro har, ez da xehetasun jakin batengatik azpimarratu beharko litzatekeen gazta, baina maila oso handia du eta, batez ere, ahoan sentsazio aparta uzten du. Mimo handiz eginiko gazta dela esango nuke.
Zein esangura du Urriko Azken Astelehenekoa moduko plaza handi batera beste urte batez bertaratzeak?
Guretzat garrantzitsua da oso. Plaza honetan garaile izatea sinistu ezinezko zerbait da niretzat. Azken urte bietan ilusio handiz egin dugu hona bidaia, eta sentipen onagaz itzuli izan gara. Geurea moduko familia ustiategi batentzat, lorpen handia da gure gazta Urriko Azken Azokako irabazlea izatea.

Gainontzeko gaztak ikusteko aukerarik izan al duzu?
Ez askorik, baina parte hartzaileak ezagutzen ditut, eta jakin badakit denek ala denek mimo handiz lan egiten dutela; horrek lehiaketaren maila orokorra egundokoa izatear dakar. Maila orokor hori tarteko, edonork irabaz dezake: garaipenaren lehiaketa, sarri askotan, zorte kontua izan ohi da.
Nola ikusten duzu sektorearen egoera?
Abeltzainok eta ekoizleok egoera zinez larrian gaude: izan otsoen erasoak, izan burokraziaren zama, inor ez da ekoizleez oroitzen. Eta uste dut gogoratzen gaituzten egunean beranduegi izango dela. Erakundeen aldetik, babes handiagoa behar dugu.

Zer dela eta?
Bada, esate baterako, hainbat ekoizlek ez dutelako esparru honetan aurrera egiteko aterabide ekonomikorik topatzen. Asko eta asko dira husten ari diren mendi etxolak, eta geroz eta gehiago baserri bizitzari muzin egiten ari direnak. Guk sariketetan aritzeak duen zortea daukagu: lehiakorrak gara txapelketetan, gure marka zabaltzea lortzen dugu, eta horrek hauspotu egiten du gazta salmenta. Ā Gaurkoa moduko sariketek lanari eusteko sua bizirik mantentzen dute: gure lana ikusarazteko eta aintzatesteko ispilurik eraginkorrenak dira.