115.000 pertsona bildu ditu aurten Urriko Azken Asteleheneko azokak
Jendearen joan-etorria etengabekoa izan da lehen orduetatik hasita Gernika-Lumon. 09:00etarako prest izan dituzte azokako 301 postuak, eta 15:00ak bitartean, zer saldu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Salmentak "ondo" joan direla nabarmendu dute ekoizleek, izan ere, udalaren datuen arabera, 115.000 pertsona bertaratu dira udalerria.
Lehen sektoreko ekoizpenaren erakusleiho bikaina izaten ari da, beste urte batez, Urriko Azken Astelehena. Izan ere, jendearen joan-etorria etengabekoa izan da, lehen ordutik; udalaren datuen arabera, 115.000 pertsona gerturatu dira udalerria. Hala, beste urte batez, urri amaierako hitzorduak ez du hutsik egin, eta eguraldia lagun, giro bikainean murgildu dira bizilagun eta bisitariak.Ā
Goiz-goizetik bertaratu dira baserritar, ekoizle eta artisauak, 09:00etarako prest izan baitutuzte aurtengo 310 postuak. Hala, lehen ordutik 15:00ak bitartean, zer saldu eta zer erosi izan zuten azokara hurbildu zirenek. Izan ere, usain eta itxura berezia bezain polita hartu zuten Artekale, San Juan, Industria, Juan Kaltzada kaleek eta Pasealekuak, Domingo Alegriak, Saraspek, Adolfo Uriostek, Ciutat de Bergak eta Foruen plazak, horietan banatuta baitaude postuak eta txosnak, jendez beteta egon baitziren.
Bidane Baskaran Markina-Xemeingo Baskaran gaztandegiko ekoizleak gaurkoan “bereziki jende asko” gerturatu dela udalerrira dio, goizetik hasita: “Guretzako Urriko Azken Astelehena urteko azoka onenetarikoa da Markina-Xemeingoarekin eta Santo Tomas egunekoarekin batera. Beste herri batzuetako azokekin alderatuta, goizago hasi ohi izaten gara saltzen Urriko Azken Astelehenean, baina aurten goizeko lehen ordurako martxan geunden, espero baino lehenago. Beti etortzen da jendea goizean goizetik, baina aurten bereziki goiz hasi dira etortzen”, esan du. Bertan, giro “ona” nagusitu dela onartu du, euskalduna, eta bertoko produktuak erosteko “gogotsu” gerturatzen dena. Hain zuzen ere, eurek egunerokotasunean gazta erdi ondua saltzen dute gehien, baina Baskaranek dio azokara etortzen den jendeak gazta ondua bilatzen dutela gehiago.
Urriko azoka honek daukan berezitasuna eta gertutasuna eskertu ditu gaztagileak. “Betiko erakusleihoa da, eta polito-polito ibili gara egun guztian. 40 urte daramatzagu bertaratzen, eta urtero egoten gara gainera Artekale inguruan, eta horrek urteroko aurpegi ezagunekin berba egiteko aukera ematen digu, erosleekin ere aurrez aurreko tratua izateakoa, bezeroak beti gerturatzen baitira”, gehitu du.
Urriko Azken Asteleheneko azoka saltzeko zein jendeak zu ezagutzeko tokia da. Eta hori berretsi du Lurdes Malaxetxebarria ekoizleak. Berriatuko Labegur euskal pastel eta ogi ekoizleak dio 30 urtez edo daramatela Gernika-Lumoko azokara bertaratzen. “Erostera datozenetako asko ezagunak dira, bezeroak. Urte askotan azoka honetara etortzeak hori dauka, ezagutzen zaituztela. Hala, erosleekin edo bertaratzen direnekin berba egiteko aukera da gaurkoa”, onartu du.
Euskal palestelak eta ogia izan ditu bere salmahaian jarrita, eta jendearen joan-etorria etengabekoa izan da bertatik. Batzuk produktua dastatu eta besteek erosi egin diote. “Salmentak izatea segurua da Gernikara etorrita, gainera polito saltzen da”, dio. Jendearen joan-etorria “betiko” modukoa dela dio Malaxetxebarriak, beraien postuko kalea beteta baitago. “Postura sartzen naizenean ez dut bertatuk irtetetan, eta jendearen joan-etorri etengabea ikusten dut. Suposatzen dut betiko moduan etorriko zela jendea”.Ā
Bertaratu diren bizilagunek “kalitatea” bilatzen dute, eta horretarako aukera bikaina dute gaurkoan, Euskal Herriko txoko desberdinetatik bertaratzen baitira ekoizleak. Hala, guztira, iaz baino 69 postu gehiago egon dira aurten, eta gehienak izan dira artisauenak ā56ā, ogi eta euskal pastelarenak ā42ā eta gaztarenak ā38ā. Postu nagusi horiez gain, aurten jarduera desberdinetako 25 postu daude. Era berean, eztiari eta txakolinari zuzendutako 30 postu ikus daitezke, 14 eta 16 hurrenez hurren, eta 16 dira barazkienak, eta 8 patearenak. Makineriaren 11 postu ere badaude, eta zazpi sagardoarenak eta bost erroskillenak. Aldiz, landare postu bakarra dago.
Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez bete dira, Foruen plazan, Pasealekuan, Saraspen, Adolfo Uriosten eta Ciutat de Bergan, eta, tradizioari eutsiz, taloa egin eta egin ibili dira kirol taldeetako kirolari eta ordezkariak goizetik eguerdira bitartean. Asko eta asko izan dira, beraz, taloa denetariko produktuekin dastatzeko aukera izan dutenak.
Postu eta txosnako musikaz gain, eguerdian Andoni EgaƱa, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeitaren bertso saioaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Hain zuzen ere, momentu horretan batu da jende gehien Merkurio inguruan; batzuk postuak ikustera, beste batzuk dastatzera, erostera edota bertso eta enkanteaz entretenitzera.
Izan ere, bertsolarien saioa amaitu bezain laster hasi dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta loren lehiaketako sari banaketa.
Barazkietan, Biortzatxus Baserria izan da irabazlea; frutetan, Uxarbeiti baserria; lore eta landareetan, Ortuberri; txilar eztian, Mikel Jauregialtzo; gure eztian, Baskones eztia, Borja Fernandez de Pinedorena; txakoli beltza, Lapazaranen Picaro izan da onena, gorria, Erdikoetxerena, eta, zuria, Talleri upategikoa. Remiro gaztandegiarena izan da gazta onenaren saria, Ricardo Remiro nafarrarena. Bigarren saria, berriz, Legutioko Bostibaieta gaztandegiarena izan da, eta, hirugarren saria, berriz, Zabaletak eroan du.
Enkantean, berriz, 7.400 eurotan erosi du Ricardo Remiro gaztandegiko gazta irabazlea Kanala Beachek. Enkante estua izan da, zein baino zein gehiago eskaintzen ibili baita, eta horretan aritu dira, beste batzuen artean, Lezika eta Porrue jatetxeetakoak, edota Ortube eta Clinica Dental Gernika enpresetakoak. Horrez gain, aurten, azken urteetan ez bezala, bigarren gazta onenaren erdia ere enkantera eroan dute, eta 700 euro ordaindu ditu Zurekinbus enpresako ordezkariak. Gaurko enkanteko kopurua, bere horretan, Kaltzada egoitzara bideratuko dute.
Eguerdian batu da jende gehien Gernika-Lumon, baina arratsaldean ere azokako egitarauagaz jarraituko dute. Iluntzean, gainera, zesta partiduekin gozatzeko aukera izango dute Jai Alai frontoian.