Urterokoari hutsik egin gabe
49. Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia egingo dute zapatuan [urriak 25].
Nabarnizko eta inguruko herritarren artean errotuta dagoen ohitura da Eibarretik Nabarnizerainoko tarte mendirik mendi egitea. Ia mendi erdiko ibilbidea du Eibar-Nabarniz lagunarteko martxak, eta zapatu honetan [urriak 25] 49. ekitaldia egingo dute, betiko modura, Athletic Nabarniz taldeak antolatuta. Gaur-gaurkoz, hogei lagun inguru daude mendi martxarako izena emanda. Azken orduko despistatuak, baina, izena emateko sasoiz daude oraindik, bihar [urriak 23] arte. Horretarako, 655 700 652 (Jabi) telenofo zenbakira deitu beharko dute.
06:00retan jarri dute autobuserako hitzordua, Nabarnizen. Handik, Gernika-Lumon nahiz inguruko udalerritatan “geldialdiak” egingo dituzte, nabarniztarrak ezdiren parte hartzaileak batzeko. 07:00rak inguruan ekingo diote 29 kilometro inguruko martxari. Euria eta eguraldi petrala daude iragarrita, eta, horrenbestez, ogibide nekeza edukiko dute martxalariek. Trabakua aldera joko dute lehenik eta behin, gero Zengotita ingurutik Oiz mendiraino igotzeko; handik, Astorkiganera jaitsiko dira, Kanponatik zein Arrolatik barrena Nabarnizera iristeko.
Helmuga harrapatu bezain pronto, mokadua edukiko dute zain, indarberritzeko. Nabarnizko Udalak, gainera, parte hartzaileentzako dutxak ahalbidetuko ditu. 15:00rak aldera, herriko tabernan elkartuko dira, talde bakaritarako. Parte hartzaileez eta antolatzaileez gain, ohitura abiatutako kide beteranoak ere egongo dira bertan; 30 lagun inguru biltzea aurreikusten dute.