URA Mape ibaia lehengoratzen hasi da Busturian, Alarbin parean
192.635,74 euroko inbertsioa suposatzen dute lanok, eta ibaiaren egoera hobetzea dauka helburu, "ibaiak biodibertsitate handiagoa izatea eta herritarrentzat eremu irisgarriagoa eta atseginagoa izatea" bilatu gura dute.
Ur-emaria neurtzeko Mapeko estazioa.URA URA Mape ibaia lehengoratzen hasi da Busturian, Alarbi parean: ur emaria neurtzeko estazio zahar bat eta ur jauzi artifiziala kenduko dituzte, eta egun harri lubetaz estalita dagoen 180 metroko ibaiertza naturalizatuko dute. Dagoen harri lubeta desegin ondoren, Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen den ibaiertzeko ezponda leunduko dute.
Lan horiek egiteko inbertsioa 192.635,74 eurokoa izango da, eta ibaiaren tarte hori birnaturalizatzea —ibaiaren luzetarako eta alboko konektibitatea lehengoratuz— eta ingurunean uholde arriskuaren eraginak murriztea ditu helburu. Izan ere, lanokin ibaiak biodibertsitate handiagoa izatea eta herritarrentzat eremu irisgarriagoa eta atseginagoa sortzea bilatu gura dute. Aitor Aretxaga alkateak ere berretsi du jarduera honen helburua dela “herriko ingurune naturala babestea, haren erabilera jasangarria bultzatzea eta Busturiko ondare etnografikoa babestea”.
Mape ibaia Urdaibaiko Ibai Sarean eta Kontserbazio Bereziko Eremuan sartuta dago, eta jarduketa honen bidez “lehentasunezko ibai habitata lehengoratzen lagundu” nahi dutela diote URAko ordezkariek, baita espezieentzako habitata hobetzen ere, izan ere, baso igel iberiarra edo bisoi europearra bizi dira bertan. Lehengoratzeko lan hori “garrantzitsua” da, ze, ibaiertzetako ekosistemak —oro har ibaietatik eta errekastoetatik igarotzen direnak— hobetuko dira lanokin, garrantzia ekologiko handia dutenak, “biodibertsitateagatik, ur-erregulazioan duten paperagatik eta uraren kalitatea hobetzeko daukan gaitasunagatik”.
Jarduera hauek Busturia eta URA erakundeen arteko lankidetzagaz aurrera eroango dira, aurretik Mape eta Axpe Amunategi ibaietan egin dituzten jarduketei jarraipena emanez. Horietan ingurua birnaturalizatzeko edo uholde arriskua murrizteko ekintzak aurrera eroan dituzte, baina, oraingoan Mape ibaiaren lehengoratzeko proiektuak Euskal Herriko Unibertsitatearen ingurumen aholkularitza izango du. “URAgaz sinatu dugun eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aholkularitza daukan hitzarmenari esker, ibai habitata eta baso igela bezalako espezieak lehengoratzen lagunduko dugu, besteak beste”, gogoratu du Aretxagak. Horrez gain, erriberako landaredia birsortuko dute, eta Altamira eta San Kristobak eremuetan uholde arriskuak saihestuko dituztela dio alkateak, “euri jasa handiak direnean arriskua dago eta”.