Gernika-Lumok bat egin du KlimaGen Europako proiektuarekin
Eraldaketa berdea gidatzeko proiektua da nazioartekoa, eta Gernika-Lumok irtenbide jasangarriak aplikatuko ditu Europako bederatzi hirirekin batera.
Gizarte berrikuntza, erakundeen arteko lankidetza eta herritarren parte hartzea uztartzen dituen hiri inguruneak birnaturalizatzea, eta, artea, kultura eta gazteria integratuko dituzten berdeguneak bultzatzea helburu duen KlimaGen proiektuagaz bat egin du Gernika-Lumok, eta egitasmoa aurkeztu zuten martitzenean (urriak 21) Lizeo Antzokian.
Hirien arteko lankidetzaren bidez hiri erresilientea indartzea eta karbonoaren neutraltasunerantz aurrera egitea helburu duen Europako ekimenak bederatzi hiri lotzen ditu, Gernikaz gain, Trondheim (Noruega), Belgrado (Serbia), Gdansk (Polonia), Tartu (Estonia), Turin (Italia), Cluj-Napoca (Errumania), Eindhoven (Herbehereak) eta Salonica (Grezia).
Eta, proiektuaren aurkezpenean, Jose Mari Gorroño alkateak adierazi zuen Gernikak tokikotik gidatu behar duela etorkizun berdeago eta parte hartzaileago bateranzko trantsizioa, eta kontinenteko beste hiri batzuetako esperientzietatik ikastearen garrantzia azpimarratu zuen. “Udalerri txikiak hiri berdeago, bidezkoago eta erresilienteagoetarako eraldaketaren buru izan daitezke”, esan zuen.
Izan ere, Gernika-Lumok eredu modura jardungo du, hiri aurreratuenek garatutako irtenbideak bere errealitatera egokituz. Neurri horiek Klima Aldaketa Arintzeko eta Klima aldaketara Egokitzeko Plan Integratuan sartuko dira, zeinek hiri eredu jasangarriago baterako tokiko bide orria ezartzen duen. Bere ustez, arrakastaren gakoa herritarren inplikazioan eta lurraldeen arteko “elkarrekiko ikaskuntzan” dago.