Bertso artean ospatuko dute liburutegien eguna
Lilibertsoren eskutik, 'Gora liburutegiak' bertso saioa antolatu du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak etzirako [urriak 24]. Aurretik izena eman behar da.
1992ko urriaren 24an Bosnia eta Herzegovinako Liburutegi Nazionala eta unibertsitarioa suntsitu zituzten. Efemeride hori oinarri hartuta, urriaren 24a Liburutegien Nazioarteko Eguna izendatu zuten, herritarrei liburutegien garrantzia helarazteko. Gernika-Lumoko kultur etxeak egun horregaz bat egin, eta barikurako familia jarduera antolatu du. Izan ere, liburutegiak ez dira bakarrik ezagutza eskuratzeko guneak, pertsonak kulturarekin elkartzeko espazioak ere badira.
Saioaren helburua liburutegien balioa «modu alai eta dibertigarrian» zabaltzea da, eta horregatik, Lilibertsoren eskutik, Gora liburutegiak bertso saioa hartuko du liburutegiak etzi [urriak 24], 17:30ean. Bertaratzeko deia egin dute, aldez aurretik liburutegian (94-465 00 31) izena eman behar dela gogoratuta.