ETSk helegitea aurkeztu du trenbideko lanak geldiarazten dituen epaiaren aurka
Auzotarren aldeko epai judizialak frogatutzat jo zuen gaueko jarduerak 80 dezibeliotik gorako zarata eragiten duela "maiz", baina ETSk dio lanak "beharrezkoak" direla trenbide-segurtasunerako.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailak errekurritu egin du Administrazioarekiko Auzien Bilboko 1. Epaitegiaren epaia, Euskal Trenbide Sareari Gernikako trenbide zentro logistikoan gaueko lanak eteta agintzen diona, zarataren legezko mugak gainditzen ez direla bermatu arte. Ebazpenak, gainera, ETS behartzen du 3.500 euroko kalte ordaina ematera Don Tello kaleko etxebizitzen aurrean egindako obren inpaktu akustikoak eragindako 19 bizilagunetako bakoitzari, kalte moralagatik. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ordea, epai judizialak “ez ditu frogak behar bezala” baloratzen eta horregatik errekurritu egin dute.
Urriaren hasierako Eusko Legebiltzarreko Murgikortasun Jasangarriko Batzordean, EH Bilduko Amancay Amets Villalba parlamentariak galdetuta, Susana Garcia Chueca sailburuak defendatu zuen “beharrezkoa” dela Gernika-Lumon dagoen trenbideen gunean gaueko lanei eustea, Amorebieta-Bermeo arteko adarraren “funtzionamendu egokia eta segurtasuna” bermatzeko. Zehaztu zuen Amorebieta eta Bermeo arteko adarraren gune logistikoa Gernikan dagoela, eta urtean bitan —udaberri eta udazkenean— egiten dituztela lanak, gaueko ordutegian, 15 egunez.
Auzotarren aldeko epai judizialak, baina, frogatutzat jo zuen gaueko jarduerak 80 dezibeliotik gorako zarata eragiten duela “maiz”. Ondorioz, ETSri eskatu diote epaia argia dela, eta horretara “egokitu” behar duela. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak defendatzen du trenbide sarea mantentzeko jarduerak “lege euskarri osoa” duela, interes publikoari erantzuten diolako: “Gure ustez, epaiak dioenaren aurka, ETSren jarduera logistikoak eta trenbideko mantentze lanek erabateko lege euskarria dute. Tren-azpiegituren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren jarduketen interes publiko nagusiari erantzuten dio, eta trenbidearen sektoreko ingurumen-araudiarekin bat etorriz egiten da”.
Garciak gogoratu zuen Euskotrenek 19.ooo plaza baino gehiago eskaintzen dituela tarte horretan, eta eguneko zerbitzua etetea “ez litzatekeela alternatiba bideragarria” izango: “Badakigu lanek eragozpenak sortzen dituztela, baina ez dago makineriarik, ezta teknologia alternatiborik ere, lanak beste modu batean egitea ahalbidetzen dutenik. Eguneko zerbitzua etengo balitz, trenbideko zirkulazioa moztu eta autobusetan garraio zerbitzuak ezarri beharko genituzke, eta, horrek, erabiltzaile kopuru handi bati eragingo lioke. Horrek ez luke trenbideko garraioa ordezkatuko maiztasun, denbora, kalitate eta ingurumen aldetik”.
Horrez gain, Garciak zalantzan jarri zuen kanpo neurketetan oinarritutako epaiaren oinarri teknikoa. “Epaiaren arabera, eskatzaileen oinarrizko eskubideak eta eskubide konstituzionalak urratu dira, baina etxebizitza-blokeen kanpoaldeko neurketa akustikoari buruzko txosten batean soilik oinarritzen da. Inguruneko zaratak euren etxeetan izango lukeen eraginari buruzko proiekzio orokorrak egin dira, baina ez daude oinarrizko eskubideen benetako urraketari buruzko ebidentziak. Era berean, ez dago osasun-profesionalen txostenik pertsonen osasunaren segurtasunerako arriskua egiaztatzen duenik”, gehitu zuen.
Ondorioz, uste dute horrek ezin duela zehaztu oinarrizko eskubideak urratzen direnik: “Horregatik guztiagatik, agintaritza judizialarekiko eta salaketa aurkeztu duten bizilagunekiko errespetuz, ETSk epai hori errekurritu du, uste baitu frogak ez direla behar bezala baloratu“.
EH Bilduko parlamentariak, berriz, Garciari gogoratu zion epaia argia dela, eta ETSri eskatu zion Gernikako gune logistikoan obrak egiteari edo gaueko jarduerak egitari uko egiteko, jarduerekin kutsadura akustikoko arauek ezarritako neurriak gaindituko ez dituztela bermatzen ez duten bitartean. “Jakin badakigu base logistikoaren lekualdatzea planifikatuta dagoela, baina auzokideek ezin dute itxaron hori gertatu arte. Haien ongizatea bermatu behar da. Eta, aldi berean, trenaren zerbitzuak bermatu behar dira. Badakigu ez dela erraza bi gauzak bateratzea, baina hori egin behar du ETSk, eta mota guztietako baliabideak jarri behar ditu mahai gainean horretarako”.