Elitzur Ramlaren boikota eskatuko dute barikuan
Lointek Gernika Bizkaiak Elitzur Ramlaren aurka jokatuko du azaro akabuan. Talde israeldar bat Gernika-Lumora jokatzera etorriko dela salatzeko eta haren aurkako boikota eskatzeko, Palestinarekin Elkartasuna eragile taldeak agerraldia egingo du barikuan [urriak 24], 18:30ean, Auditorioan.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi talde gernika-lumotarra aurtengo lehiaketa denboraldian bete-betean murgilduta dago, eta, besteak beste, Eurocup Women txapelketa jokatu beharko du aurtengo sasoian. Multzokako ligaxka fasean dago egun taldea, C taldean; multzo horretan arerio ditu, hain zuzen ere, Universitas Pecs hungariarrak, Unioao Sportiva Azores portugaldarrak eta Elitzur Ramla israeldarrak.
Elitzur Ramlak, berriki zabaldutakoaren arabera, Malosteko kantxan jokatuko du azaroaren 25ean eta 27an. Neurketa horren harira, Gernika KESBeko Gerardo Candinak hura “ez jokatzearen aldekoa” zela azpimarratu zuen irail amaieran, Pas Giannina greziarren kontrakoaren hondarrean. Hori bai, lehendakariak “alde pertsonaletik” egin zituen adierazpenok: “Genozidioaren aurka nagoen heinean, ez nuke talde horren kontra jokatuko. Dena dela, erabaki hori klubaren zuzendaritza taldeak hartu beharko du; auzi horren ardura nagusia FIBArena da”.
Adierazpen horiek direla eta, Palestinarekin Elkartasuna eragile taldeak “begi onez” dakusa taldeak partidua ez jokatzeko erabakia hartzeko aukera oraindik mahai gainean egotea. Erabaki irmorik ezean, salatu dute sionismoak tankerako kirol ikuskizunak “genozidioa eta bere izera koloniala zuritzeko” baliatzen duela. Azken asteotako presio, mobilizazio nahiz borrokak hainbat instituzio “beren diskurtsoa aldatzera eta neurriak hartzera” behartu dituela nabarmendu dute, eta, horrenbestez, “presioa egiten” jarraitzeko hautua berretsi dute, baita Israelegaz “hartu-eman oro” haustekoa ere: “Kirolean ere halaxe izan behar da; kirola eta politika ez nahastearen diskurtsoari aurre egitea beharrezkoa da”. Espainiako Vueltagaz gertatu legez, Eurocup Womenen kasuan ere “argi esan eta egin” behar dela adierazi dute.
Hori dela eta, herritarrak bariku honetan [urriak 24], 18:30ean, Auditorioan egingo duten agerraldira biltzera deitu dituzte. Horrez gain, azaroaren 25ean zein 27an, partiduak jokatuko balira, Elitzur Ramlaren aurkako “boikota egiteko” eta norgehiagoka biak “geldiarazteko mobilizatzeko” deialdia luzatu dute.