'Beste danakaz batera'
Gernika-Lumoko eta Busturialdeko herrigintzaren alde erruz lan egindako Dabid Zelaia-Zugadi gernika-lumotarra zendu da. Tokiko eragile, kulturgune, elkarte, alderdi politiko, hezkuntza zentro eta norbanakoak hartaz oroitu dira.
Isilean, umiltasunez, batasunetik eta apal. Halaxe ari dira sumatzen Gernika-Lumo eta Busturialde osoa Dabid Zelaia-Zugadiren joana. Asko eta asko dira bai udalerriko, bai eskualdeko herrigintzaren alde egindako beharrak; hainbat eta hainbat hura kide izan duten kausa zein fronteak. Herritarrek bazekiten lehendik ere hark uste baino gehiago bete dituela beren bizimoduak, beren proiektuak… eta beren bizitzak. Baina gaurkoan are agerikoagoa da lan horren distira. Garrantzitsuena da, baina, Zelaia-Zugadiren bertuterik irmoena beti zuztartu izan dela pankarta, pantaila edota argazkiaren bestaldean: berehalakoan ikusten ez denaz arduratu da sarri, fokuetatik urrun.
Ernegatu barik entregatu da Zelaia-Zugadi herria eta herritarrak erdigunean jarri izan dituzten egitasmoetara. Isilean. Ahotsa ekimenei eurei emanez. Eskualdeko funtsezko erreferenteetako bat izan da elikadura autojabe, osasuntsu, tokiko eta justuaren aldeko defentsan. Bere babesa izandako proiektu batetik besterako bidaia egitea besterik ez dago, hori halaxe zela ikusteko: Jangurie, Ortutik Ahora, Baserritik Gernikara… Esker oneko berbak besterik ez dira ageri ekoizle eta elkartekideen aldetik, haren irudiaren gomutan: “Garo tanto bat izango zara gure ortuetan”.
Zelaia-Zugadi giltzarri izan da Allende Salazar Herri Eskolaren azken urteotako garapenean, hala Guraso Elkarteko zuzendaritzan, nola jantoki eredua errotik transformatzekoan. Eskola komunitateak beragaz eta bere eskutik “eskola hobe bat” amesten lagundu izana eskertu dio: “Eskola honetan egin zenuen bidea ez da soilik oroitzapen izango: egunerokoan, gure umeen artean, zure aztarna arnasten eta arnastuko da”. Barrutia Herri Eskolaraino ere heldu da izan da bere bultzadaren uriola: “Zure grinaz busti gaituzu gu ere, eta martxan jartzeko bultzadatxoa eman zenigun; bultzada horretan segitzen dugu oraindik, besoak gurutzatuta geratu barik”.
Herriaren eta ametsen itsasgarria.
Zelaia-Zugadi gai izan zen herriko eragileen elementu aglutinatzailea izateko. Horren erakusle, batetik, Astrako lantaldean egindako beharra, denetariko eragileekin eskutik. Bestetik, “denena den eta inorena ez den” Pasealekuaren alde, Pasilekue Bizirik egitasmoaren bultzatzaile modura. Astratik Zelaia-Zugadik zutabe zuen “kolektibotasunaren indarra” plazaratu dute: “Herritarrengana jotzea bilatu zuen beti, ezberdinen arteko elkarlanetik. Ezin neurtu liteke Astraren alde egindako lana, hark esango lukeen bezala, beste danakaz batera“.
Esanguratsua zen “urrats bat harago” oinez egiteko zuen grina, komunikazio arloan egindako proposamenetatik hasita: “Ideiak lotsa barik botatzeko eskatzen zuen, txarrak izanik ere; ideia txar batetik ideia onetara iritsi daitekeen jakitun zen”. Astrakideek ez dituzte zelaiadak ahazten: “Dabidek handira jotzen irakatsi zigun, eta bere proposamen anbiziotsuek, denboragaz, zelaiada izena hartu zuten lagunartean. Baina, noski, hark inork baino lan gehiago egiten zuen, okurrentzia haiek aurrera eroateko”.
Zelaia-Zugadiren hutsunea dute isilik geratu den herriaren ezkaratzak, egongelak, komunak, atariak zein leihoek. Bere akordua dute herriko kulturguneek, alderdiek, elkarteek zein kolektiboek. Ez dute agurtzeko aukerarik izan, eta agurtu ez izanak esan gura du seguraski oraindik herriaren txoko nahiz zirrikitu orotan dagoela bere eragina. Iparragirre Rock Elkarteko kideek omendu egin gura dute, elkartearen nortasunaren ardatz esanguratsu bat eta Dabid Zelaia-Zugadi sinonimoak baitira: “Zuk eman zenizkion kolore hori-beltzak Iparragirreri; ametsetatik eraikitako proiektua indartzen jarraituko dugu, zure omenez”. Iparragirrekoak ez dira haregaz zorretan dauden mikrofono bakarrak, Busti irratiaren bultzatzaile ere izan baitzen, Gernikako Txosna Batzordea nahiz Trinkete Antitxokoa ahaztu barik.
Isilean daude bihotz handi baten taupadak. Baina nekez gera litezke isilik haren testigu izandako borroka handi zein txikiak. Gernika-Lumoko EH Bilduk argitu du 2025eko Gernika-Lumo “ulertzerik ez dagoela”, Zelaia-Zugadiren “ekarpen militantea” aipatu gabe: “Elkarrekin amestutako desberdinen arteko herriaren alde lanean jarraituko dugu”. Gernika-Lumoko Sortutik ere “herria egiten segitzeko konpromisoa” berretsi dute, egiteko horretan hark “emandako irakaspen guztiak” hartuta: “Arrasto itzela utzi duzu amesten dugun Gernika-Lumo eraikitzeko bidean”.
Orrialdeak ezin litezke isilean geratu. Beti dago zerbait kontatzeko, zerbait kantatzeko. Alde horretatik, etxe honen babesle ere izan da Zelaia-Zugadi. Ez bakarrik HITZAren bidelagun eta informazio iturri higaezin eta fidela izatearren, baita Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren proiektuaren sinistun eta babesle izateagatik ere.
Isilean. Halaxe utzi du Gernika-Lumo galerak. Baina, Zelaia-Zugadik egingo lukeen legez, geldirik ez geratzeko eta lanean, elkar eragiten, eraikitzen, amesten segitzeko hautua egin dute herritarrek. Horretarako iparrorratzik onena edukiko dute aurrerantzean, herrigintzaren oinarria zein den gogoratu beharra izatekotan: isilean, umiltasunez, batasunetik eta apal lan egitea. Hark egin zuen legez. Hark egiten irakatsi zuen legez.