Barikuan estreinatuko dute berritutako Gernika-Lumoko tren geltokia
Trenbideen, katenariaren eta seinaleztapenen berrikuntza integrala egin dute, eta trenbide instalazioak "funtzionamendu egoera ezin hobean" utzi dituztela adierazi dute. Geltokiak atari berria izango du Bermeorako nasan; bata eraikin historikoaren ondoan dagoena, eta bestea eraiki berrian egin dutena.
Barikuan erabilgarri egongo da Gernika-Lumoko eraberritutako tren geltokia. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, tren geltokia Urriko Azken Astelehenaren bezperan abian jartzea erabaki dute, egun horretan milaka pertsona hurbiltzen baitira udalerrira, eta horietako asko, trenez. Gaurko (urriak 21) bisita gidatua egin dute, eta azaldu dutenaren arabera, azken bi urteetan Gernikan egin den eta trenbideen, katenariaren eta seinaleztapenen berrikuntza integrala ekarri duen inbertsio ahaleginak udalerriko trenbide instalazioak “funtzionamendu egoera ezin hobean” utzi ditu.
Miguel Angel Paez Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendariak, Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusiak eta Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak bisitatu dituzte goizean instalazio berriak, ireki aurretik. Hala, eraiki berri duten geltoki berria ikusi dute.
Horrek atari berria izango du Bermeorako nasan, herrigunearen aldetik, trenbidearen egungo terminalaren eta autobusen terminalaren artean, biltegiko eraikinak lehen okupatzen zuen oinplanoko espazioan. Ondorioz, atariak bi sarbide simetriko izango ditu, bata eraikin historikoaren ondoan dagoena, eta bestea eraiki berrian egin dutena. Hain zuzen ere, kalearen eta atariaren arteko kota-aldea aldapa txikiko bide irisgarriaren bidez egokitu dute, eta irteera gehigarri bat diseinatu dute, zuzenean autobus geltokiko lorategi eremurantz bideratutakoa, jende handia dagoenerako, hala nola, datorren asteleheneko azokarako. “Atari berriaren helburua hirigintza arloko integrazioa eta trenak inguruan duen inpaktu bisuala eta akustikoa murriztea da”, azpimarratu du Paezek.
Esan du estazioaren atari berria estreinatzeko prest jarrita “urrats sendo” bat eman dutela Euskal Trenbide Sarearen puntu honetan: “Sarea baldintza ezin hobeetan egongo da, hori kalitatez, segurtasunez eta treneko erabiltzaileek erosotasunez erabili ahal izateko. Uste dugu Gernikak dituen behar eta baldintzetara egokitu dugula trenbideko mugikortasuna”.
Atarien funtzio nagusia bidaiariei txartelak saltzea eta garraio zerbitzura sartzen diren pertsonen joan-etorria kontrolatzea izango da. Hala, geltoki berriak trenbideko zerbitzuaren erabiltzaileak sartzeko eta banatzeko funtzioak hartuko ditu, eta sistema behar bezala ustiatzeko beharrezkoak diren gela teknikoak izango ditu, guztira 244 metro karratuko azalera erabilgarriagaz.
Bi sarrera horiekin, eraikin historikoa ez dela bidaiarien eraikin gisa erabiliko jakinarazi dute.
Modu berean, obren ondorioz, nasen arteko tren pasagunea kendu dute, trenbidearen gainean pasabide bat eta dagozkion igogailu egokituak eta eskailera finkoak eraikiz, erabiltzaileek trenbide plataforma gurutzatzea saihesteko eta haien segurtasuna bermatzeko. Goiko pasabideko taulak 14,80 metroko luzera dauka, eta 2,60 metroko zabalera, “altzairu herdoilgaitzezko egiturarekin estalita”.
Eta, nasen luzeari dagokionez, zegoenari eutsi diote, 92 metro baino apur bat gehiagorekin. Zehaztu dutenez, elementu berrien (katenaria zutoinak, igogailuak, eskailerak eta markesinak) zimenduak egiteko, kanalizazio berriak egiteko, dagoen zoladura altxatzeko eta berria jartzeko bakarrik esku hartu da horietan. Gainera, 25,50 metroko luzera, seinaleak eta altzariak dituen markesina bat ere instalatu dute nasa bakoitzean.
Barikuan zabalduko dute geltoki berria, eta astelehena igarota, “behin-behineko nasak desmuntateko lanak hasiko” dituztela adierazi dute, baita eraikin historikoaren inguruan dagoen egungo baliogabetze linearen babes markesina jartzea ere.
10 milioi euro.
Bost milioi euro inguruko aurrekontua izan duen jarduketa Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak azken urte honetan Gernikan egin duen “garrantzitsuena” izan dela adierazi dute ordezkariek, baina ez bakarra.
Izan ere, gogoratu dute, iaz, Euskal Trenbide Sareak 5 milioi euro inguru inbertitu zituela Amorebieta-Bermeo adarreko trenbide azpiegiturak hobetzeko, udalerriaren inguruetan batez ere. “Lanetan egitura erabat berritu da. Aparteko esku-hartzeak izan dira, 25 urtean behin egiten direnak, baina guztiz beharrezkoak direnak zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko”.
Jarduketa horien artean, trenbidearen berrikuntza, elektrifikazioa eta seinaleztapena nabarmendu dituzte. “Gernikako geltokiak bi nasa ditu, trenbide nagusien alboetan. Baina, modu berean, unitateak utzeko erabiltzen diren hiru mauka edo maniobra trenbide daude, eta geltokian bertan dauden taiulerretarako sarbidea ematen duten beste lau trenbide osagarri”, gogoratu dute ordezkariek.
Eta, jakinarazi dute, elektrifikazioari dagokionez, lanak katenariako ekipamendua eraberritzean eta trenbideen konfigurazio berrira egokitzean oinarritu direla. Horretarako, zutoinetarako kablea berritzeko eta orratzak muntatzeko zimendu berirak egin dituzte, eta, Bermeoko adarraren barruan, hainbat eraberritze lan eroan dituzte aurrera: Bermeoko geltokian sarbidea, arkupea eta nasaren zoladura hobetu dira, eta Mundakan nasa bakoitiko lurzorua ordeztu eta altzariak instalatu dituzte, baita seinaleak jarri eta nasa bikoitian kanalizazio berria egin ere.
Hain zuzen ere, Paezek nabarmendu du guztira 10 milioi euro inbertitu dituztela horretan, eta hori “ahalegin esanguratsua” dela: “Balioa eman behar zaio, inbertsioa esanguratsua delako. Guztira 10 milioi euro dira, eta horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzak trenbideko erabiltzaileekin duen konpromisoa”.
Izan ere, zehaztu du urtero 600.000 bidai hartzen dituela udalerriko tren geltokiak, eta bere erabilera hazten jarraitzea gura dute: “Inbertsio honekin erabilerak eskatzen duenari erantzun ahal izateko gaitasuna eta azpiegitura dugula uste dugu”.
Jose Mari Gorroñok lanok duten eragina nabarmendu du, herritarren irisgarritasuna hobetzen duela nabarmenduta.