Askatasunerako bidean, babesleku
Errementa Armaidxue talde sortu berriak konplizitatea sortu nahi du Bermeon. Kolektiboko jendea saretzeko helburupean, «enpatian eta babesean» oinarritu nahi dira. Bermeoko Udalak Hiruki Larroxa kooperatibagaz batera egindako herri diagnostikoak utzitako ondorioetatik sortu zen taldea.
Argazkia: Errementa Armaidxue. Bermeo isil-isilik dagoela esaten dau jendeak. Horrela aurkeztu da sare sozialetan Errementa Armaidxue egitasmo edo talde sortuberria. Babesleku bat eduki nahi dute herrian, eta, era berean, horixe dira eurak: babesleku bat.
Bide horretako lehenengo pausoak ere eman dituzte, dagoeneko. Iaz, Bermeoko Udalak Hiruki Larroxa kooperatibagaz batera egin zuen herri diagnostikotik dator taldea, zelanbait. Kooperatibako kide den Joseba Gabilondok uztailean HITZAri aurreratu zion bezala, diagnostiko horretatik, besteak beste, hurrengo ondorioa atera zuten: “Nolabaiteko ikusgarritasuna dute herrian LGTBI+ pertsonek, baina sexu aniztasuna ez dago presente. Nolabaiteko onarpena, egon, badago, beti ere normatibitate baten barruan: ez bazara arautik askorik aldentzen, ez bazara oso disidentea, ez baduzu normaltasunagaz apurtzen, normaltasun batean bizi zaitezke. Genero arauekin apurtzea da benetan zaila”.
Ondorio hori oso presente izanik eman zituen taldeak bere lehenengo pausoak; hain zuzen ere, azaldu dutenez, diagnostiko horren aurkezpenean pertsona batek “bota zuen WhatsApp talde bat sortzearen ideia”. Bermeon babesleku baten beharra zegoela esan zuen hark, eta herri diagnostikoak ere bai. Interes berberak zituztenen talde baten beharra. Eta, beraz, beharrizan hori asetzeko asmoz sortu zuten taldea.
Gaur egun, 25 pertsonak osatzen dute Errementa Armaidxue, eta “saretze helburu bat” oinarritzat izanik jarduten dute: “Gure beldur, lotsa edo gogo berak dituen jendea aurkitzea da gure helburua, kolektiboko jendeari mezu bat zabaltzea. Bakarrik ez dauden mezua, lasaitasunezko mezua”. Oro har, talde zabala direla argitu dute; are gehiago, tankera horretako egitasmo batean jendearen inplikazioaren garrantzia azpimarratu dute, eta eurekin bat egin nahi duen edonor ongietorria izango dela aurreratu dute. Horretarako, Instagram kontua ahalbidetu dute (@errementa_armaidxue), jendeak eurekin kontaktu zuzena izan dezan eta edozein momentuan taldearekin bat egiteko aukera izan dezaten, “kolektibokoak izan zein ez”.
Mezua zabaltzeaz gain, gonbidapen bat ere egin nahi izan diete herritarrei. Hari horri tiraka pentsatu dute eragile taldearen izena, azaldu dutenez. Errementa Armaidxue. Esanguratsua da, guztiz. Eta zuzena. Eta deigarria. Hau da, Ei, zure bizitzan nolabaiteko armairu bat baduzu, ez ezazu apurtu; errementa ezazu, eta etorri gurekin esateko modu gisa ulertzen dute taldekideek izen hori: lotsak atzean utzi, eta eragile taldera batzeko gonbidapen gisa. Askatasunerako bidea hasteko lehendabiziko pauso gisa, alegia.
Queer poteoa
Taldeak orain arte egindako bidea luzea ez den arren, zerbait izan bada, “askea, gogotsua eta ilusioz betea” izan dela diote taldekideek. Nabarmendu dute, gainera, herriaren eta udalaren aldetik jasotako erantzuna ” uneoro oso positiboa” izan dela. “Udalaren ekimen bat abiapuntutzat hartuz sortu genuen taldea, eta, beraz, ez dugu inolako trabarik nabaritu orain arte. Bermeoko Txosna Batzordekoek ere euren egitarauaren barruan nahi genuen tartea eskaini ziguten. Oso pozik gaude alde horretatik”, azaldu dute. Hain zuzen ere, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan antolatu zuten estreinakoz ekimen bat: Queer poteoa. Pozarren daude, “pentsatutakoa baino jende gehiago” bertaratu baitzen hitzordura: “Benetan aske sentitzera etorri zen jendea, eta ez bakarrik parranda aitzakiatzat izanda. Pertsona asko bildu ginen”.
Queer poteoa antolatzeko bidea “erraza” izan zela adierazi dute. Jendea “gogotsu” dago, eta, gogoa dagoenean, dena da errazagoa: “Ilusio handia nabari da taldekideon artean, eta hori baliatu gura dugu; hori oinarri izan, eta bulkada hartu, hurrengo ekitaldi edo hitzorduak antolatzeko ere. Orain arte ezkutuan egon den zerbait da, herritarrok eskatu ez duguna, eta hori argi erakutsi zuen Hiruki Larroxak egindako herri diagnostikoak; baina, azkenean, askoren eta askoren beharrizan bihurtu da”. Eta taldea horretarako dagoela gehitu dute, “herritarren beharrizan horretan bidelagun izateko, eta esku bat luzatzeko”.
Bide batez, hurrengo ekitaldiak prestatze bidean daudela aurreratu dute Errementa Armaidxue taldeko kideek, eta “beharrizan eta interesen arabera” antolatuko dituztela argitu dute. Besteren artean, inguruko herrietako taldeekin topaketak edo kontzertuak aipatu dituzte: “Ekitaldiren bat zein beste badugu buruan, baina dena ondo antolatu behar dugu. Herriaren beharrizan eta interesen arabera lehenetsiko ditugu bat edo beste. Aurrerago emango dugu horien berri”.
Zarata egin nahi dute, eta argi dute: “Kolektiboko jende pila bat dago herrian, baina inoiz ez dugu zaratarik egin. Ez aurrera, ez atzera: hor gaude, eta ez dugu molestatzen. Ez da inoiz kolektiboa indartzeko ezer egin Bermeon, eserleku edo eskailera batzuk koloreztatzeaz gain; eta uste dugu horrek ikusezin bihurtzen gaituela, nolabait”. Horrekin bukatu nahi dute, eta beharrizana dagoela azpimarratu, eta taldera batzen direnen interesak “beti berak” direla nabarmendu dute: herrian zer eta nor dagoen ezagutzea, babesleku bat izanik oinarri.
Mezu argia
Tamalez, badago talde hau bezalako egitasmoen beharra ulertzen ez duenik, eta hori, gaur egun “arriskutsua” dela diote Errementa Armaidxuekoek; “guregan errotuta dagoen normaltasunetik urruntzen denak desafioa sortzen du gizartean”. Horrekin apurtu nahi dute. Estereotipoak baztertu. Libre izan. Konplizitatea sortu nahi dute herrian, “enpatian eta babesean” oinarrituta. Beharrezko eskubideen alde borrokatu, lasai bizi, eta, batez ere, askatasunerako bidean babesleku izan nahi du taldeak, eta horren aldeko bidean pausoak ematen jarraituko dute.