Pforzheimeko ikasleak Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzen ari dira
Hamabi ikasle eta bi irakasle etorri dira, udalerriko institutuko ikasleekin astebeteko trukaketa egiteko asmoz.
Pforzheimeko ikasleak udalerrira ailegatu dira. Gernikako Institutua Urtero legez, aurten ere, Pforzheimeko (Alemania) ikasleak hartu ditu Gernika-Lumoko Institutuak. Hain zuzen ere, hamabi ikasle eta bi irakasle etorri dira, udalerriko institutuko ikasleekin astebeteko trukaketa egiteko asmoz. Atzo (urriak 15) ailegatu ziren alemaniarrak, eta hurrengo eguaztenera (urriak 22) bitartean egongo dira udalerrian.
Bien bitartean, Batxilergoko ikasleen etxeetan egongo dira, eta asteko egunetan, institutuak antolatutako ekintzetan parte hartzen arituko dira. Gaur (urriak 16), esaterakoa, Madariaga dorretxea ezagutuko dute, baita Ekoetxea Urdaibai biodibertsitate zentroa ere, eta handik ibilbidea egingo dute, eguerdian Gernika-Lumora ailegatzeko.
Bihar, Bilbo ezagutuko dute, izan ere, Bizkaiko hiriburuko udaletxea eta merkatua zein alde zaharra ikusiko dituzte, eta Guggenheim Museora ere joango dira gero. Gainera, aisialdirako denbora librea ere izango dutela aurreikusi dute antolatzaileek.
Zapatuz eta domekaz, bakoitza bere familiarekin egongo da, baina Omako Basoa, Gaztelugatxeko Doniene eta Bakearen Museoa bisitatzeko aprobetxatuko dute.
Astelehenean, berriz, euskal kiroletan murgilduko dira institutuan, eta Batzarretxea ezagutzera joango dira gero. Handik Gernika-Lumoko txokoak zeharkatuko dituzte, eta Merkatu plazatik ere igaroko dira, astelehena dela aprobetxatuta. Horrez gain, Jai Alai frontoia ere bisitatuko dute.
Martitzenean Bilbora joango dira Bizkaiko hiriburuko alde zaharra ezagutzera, baita Bilboko igerilekua ezagutzera ere.
Eta, azken egunean, Bermeoko norabidean hartuko dute trena, kostako herritik bisita gidatua egiteko. Handik bueltan institutura itzuliko dira, eta eguerdian joango dira aeroporturantz.