Ekintza txikiek duten garrantzia azpimarratuko du Asteklimak
Banakako eta taldeko ekintzen bitartez trantsizio energetikoa eta klima aldaketa publiko guztietara hurbiltzeko tailerrak eta sentsibilizazio ekimenak egingo dituzte bihar (urriak 17) hasi eta urriaren 26 (domeka) bitartean, Busturialdeko hainbat herritan.
Trantsizio energetiko eta aldaketa klimatikoaren erronkaren aurrean herritarrak mobilizatzea bilatzen duen hamar eguneko ekimena heltzear dago: Asteklima. Euskadiko Klima eta Energiaren Astea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailak bultzatzen du, Energiaren Euskal Erakundeagaz eta Ihobe ingurumen jarduketarako sozietate publikoagaz lankidetzan, baina, tokian tokiko erakunde eta udalek bideratzen dituzte denetariko ekimenak, eta horiekin hasiko dira bihar (urriak 17), eta hala jarraituko dute urriaren 26ra bitartean.
Banakako eta taldeko ekintzen bitartez trantsizio energetikoa eta klima aldaketa publiko guztietara hurbiltzeko tailerrak eta sentsibilizazio ekimenak dira Asteklimaren oinarria, eta horiek Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lelopean antolatu dituzte Busturian, Muxikan eta Nabarnizen.
Eredu energetiko iraunkorrago baterantz joateko pausoak emateko eta klima aldaketari hobeto egokitutako eta harekiko erresilienteagoa den gizarte baterantz joateko ekintzak dira eragile sozialek bideratzen dituztenak. Izan ere, ekimenek klima aldaketaren eraginei eta eskura dauden baliabideei buruzko ezagutza sustatzen dute, baita tokiko ekintzak bultzatu ere, udalerri eta eskualdeei legearekin bat datozen ekimenak ezartzen lagunduz. Hezkuntza arloan, gazteak eta ikastetxeak jasangarritasunaren kultura indartzen duten jardueretan inplikatzea ere bilatzen du Asteklimak.
Ondorioz, nabarniztarrak gaztaina biltze egunean elkartuko dira etzi (urriak 18). Hala, Elizaldeko plazan elkartuko dira bazkal ostean gaztainak batzeko mendi bueltarako. Eta, bide batez, hezitzaile baten eskutik, Nabarnizko ingurune naturala hobeto ezagutzeko aukera izango dute. IBErtako basoek klima aldaketaren egokitzapenean eta CO2 xurgapenean duten garrantzia balioan jarriko dute bertan.
Hiru orduz ibiliko dira gaztainak batzen, eta aurreikusten dutenez, 19:00etan, Elizaldeko plazan gaztainak tanbolinean erreko dituzte, gero bertan jateko. Hala, gaztainentzako otzara daukanari hori eroateko eskatu diete, eta gerturatzeko deia egin diete herritarrei, haur eta familian gozatzeko aukera ederra baita.
Muxikarrak, ostera, bigarren eskuko azokan elkartuko dira, etzi, 10:00etatik 22:00etara bitartean, Kurtzeron. Denetariko eskaintza izango dute azokan jarriko dituzten hogei salmahai baino gehiagotan, eta tailerrak, kontzertuak eta food truck-ak egongo dira aukeran. Arratsaldean, Txitatoki zirku tailerran ere murgildu ahalko dira, eta Irrikazu disko festan dantzatuko dute ostean. Gainera, eguna biribiltzeko Apokhalipsis taldearen kontzertua eskainiko dute.
Gainera, urriaren 24an, trantsizio energetikoaren inguruko gaiez hitz egiteko Ana Apika ipuin-kontalaria gonbidatu dute Muxikara, haur eta helduei energia garbiak erabiltzea eta planeta zaintzea zein garrantzitsua den ulertzen laguntzeko. Hurbileko pertsonaia eta kontakizunen bidez, energiaren erabilera arduratsuak eta kooperazioak aldaketa klimatikoa gelditu dezakeela eta etorkizun jasangarriago bat eraikitzen duela erakutsiko du.
Busturian, denetariko ekintzak antolatu dituzte Asteklimaren barruan. Esaterako, Ekoetxean, familia osoarentzako jarduerak, jolasak, ibilbide eta sorpresa ugari dituen egun berezi bat prestatu dute domekarako (urriak 19). Ingurunea zaintzearen eta gizarte solidarioago baten alde egiteko ekintzak prestatu dituzte, munduari erakusketako “benetako keinuekin eta pertsona konprometituekin” mundua hobetu daitekeela.
Baina, Ekoetxeaz gain, BBK Klimak ere bat egin du ekimenagaz. Ondorioz, zapatuan (urriak 18), domekan (urriak 19) eta urriaren 25ean esperientzia parkerako sarrera guztiz doakoa izango da hurbiltzen diren pertsonek ikasketaz, berrikuntzaz eta dibertimenduz betetako esperientzia interaktiboaz gozatu ahal izateko. “Eguneroko bizitzari aplika dakizkiokeen irtenbide jasangarriak aurkitu ahal izango dituzte bertaratzen direnek, eta bertatik bertara sentitu ahalko dute zelan erabaki txikiek desberdintasun handiak eragin ditzaketela”, esan dute. Gehitu dute jasangarritasuna ez dutela bakarrik helburu modura ulertzen, “elkarrekin egiten den bide bat” baizik. “BBK Kliman uste dugu keinu bakoitza garrantzitsua dela ikasteko, esperimentatzeko eta sentitzeko”, adierazi du Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko arduradunak. Hala, Asteklimagaz bat eginda, pertsonak “inspiratu, lagundu eta ahaldundu” gura dituzte, “egunero euren ingurunean aldaketarako eragile izan daitezen”.
EGITARAUA.
Busturia.
Etzi, urriak 19an eta 25.
11:00-19:00. BBK Klima esperientzia parkerako sarrera erabat doakoa izango da, eta prestatu duten Escape Roomean parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Urriak 19, domeka.
10:00-18:30. Klimaren aldeko jaia Ekoetxea Urdaibain. Argazki mosaiko erraldoia egigo dute.
10:00-14:00 eta 15:30-18:30. Garaiz gaude. Klimaren aldeko ekintza izeneko online lehiaketa.
10:30-12:30. Padurei eta aldaketa klimatikoari buruzko saioa Ekoetxean.
10:30-13:00. Aldaketa marrazteko emakume ilustratzaileen aire zabaleko ekintza Ekoetxean.
11:00-13:00. Bertoko produktuekin egiteko kozinatzeko tailerra Ekoetxean.
12:30-14:00. Tokiko produktuen dastaketa Ekoetxean.
16:00-18:00. Horma irudi kolektiboa, konpromiso klimatikoa islatzeko, Ekoetxean.
16:00-18:00. Egurrezko jolas kooperatiboak, Ekoetxean.
17:00-18:00. Azken eguzkilorea ikuskizuna, Ekoetxean.
Muxika.
Etzi, zapatua.
10:00-22:00. Bigarren eskuko azoka egingo dute Kurtzeron.
Goizean zehar. Puzgarriak eta umeen jolasak.
11:30. Etxeko kosmetika eta serigrafia tailerrak.
12:30. Trikipoteoa Kurtzeroko tabernetatik.
17:00. Txitatoki zirku tailerra.
19:00. Irrikazu disko festa.
21:00. Apokhalipsis taldearen kontzertua.
Urriak 24, barikua.
17:00. Ana Apikaren Naturarekin bat ipuin kontaketa, 4 eta 7 urte bitartekoentzat, Kurtzeron.
Nabarniz.
Etzi, zapatua.
15:30. Gaztainak biltzeko mendi bueltan elkartuko dira, Elexaldeko plazan. Hiru orduko ibilbidea izango da.
19:00. Elizaldeko plazan gaztainak tanbolinean erreko dituzte, jateko.