Adinekoen arrakala digitalarekin amaitzeko tailerrak antolatu dituzte
BBK-k Secot elkartearekin eta Bermeoko Udalarekin elkarlanean antolatu ditu urriaren 20 eta 22rako aurreikusitako tailerrak. Smartphonea erabiltzen ikasi nahi duten adinekoei zuzenduta dago, eta izan ematea zabalik dago.
Adinekoen eten edo arrakala digitalarekin amaitzeko asmoz, tailerrak eskainiko dituzte Bermeon urriaren 20an (astelehena) eta 22an (eguaztena), BBK eta Secot-en eskutik. Aditzera eman dutenez, ekimena Herriz Herri programaren barruan kokatzen da, eta izena emateko epea zabalik dago, 010 edo 94 617 91 00 telefono zenbakietara deituta. Hala, Smartphonea erabiltzen ikasi nahi duten adineko pertsona edo nagusiei zuzenduta dago tailerra, Bermeoko Udalarekin elkarlanean.
Gizarte eta Kultur Etxean burutuko dira %100eko prestakuntza praktikoa ardatz izango duten tailerrak, bi orduko bi saiotan. Azaldu dutenez, programaren edukia telefono mugikorren oinarrizko erabileran oinarrituko da: “Parte hartzaileek oinarrizko aplikazio interesgarri eta erabilgarri batzuk erabiltzen ikasiko dute, hala nola SOS Deiak, Osakidetza, WhatsApp edo online bankua”. Zehaztu dute, gainera, “ahalik eta esperientzia pertsonalizatuena izan dadin”, 2 edo 3 partaideko prestatzaile bat egongo dela.
Argitu dute, tailer hau Bermeora iritsiko dela, BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren baitan. Ze, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzak elkarrekin sustatzeko helburupean, tailerra 2030 Agendaren GJHekin bat dator; zehazki, 3. eta 10. helburuekin. “Osasuna eta ongizatea sustatzera eta desberdintasunak murriztera bideratutakoekin, hurrenez hurren”.
Proiektu horrekin, BBK-k “bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten” duela kontuan izanik, tailer horrez gain, beste hainbat ekimen berritzaile ere badira abian, bizkaiko herri desberdinetan gauzatzeko. Horren erakusle dira, gazteei zuzendutako proposamenak kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko; emakumeari, inklusioari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta umeentzako tailer ludikoak 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzera bideratuta.