Igartubeiti baserria ezagutu dute 80 nabarniztarrek
Nabarniztarrak Ezkio-Itsasora egindako irteeran. Nabarnizko Udala Igartubeiti baserri zaharra ezagutzera joan ziren Ezkio-Itsasora 80 nabarniztar domekan (urriak 12). 09:o0etan atera ziren Nabarniztik, eta Oleskon gainerakoak hartu ostean, 10:30ean hasi ziren bisita gidatuagaz, 13:30ak bitartean.
Bertan, euskal baserriaren historian, horren bilakaeran eta bizitzan sakondu zuten. Izan ere, Igartubeiti baserria Ezkio-Itsason dago, Gipuzkoaren barne muinean.
Baserriaren egiturari erreparatuta, euskaldunek zuten bizimoduari buruzko informazio anitza jaso zuten: txabola izan zeneko aztarnak ikusi zituzten, gaur egun den eraikuntzaren hazia, alegia.
Azken urteetan baserri zaharra berritzen aritu dira, eta egurrezko aurrealdea deseginez: piezak desegin eta denak banan-banan lantzen ari dira, garbitu eta berriztatzen. Horri esker, Igartubeitik 1630ean zuen itxura mantentzen du, eta hori ezagutu zuten. Hala, gaur egun, Igartubeiti XVI. eta XVII. mendeetako zurezko arkitektura tradizionalaren adibiderik onenetarikoa da, baita euskal baserriaren Urrezko Aroaren isla ona ere, eta horretaz gozatu zuten nabarniztarrek. Gainera, XVI. mendeko dolarea berriro martxan ikusteko aukera izan zuten, Interpretazio Guneari esker. Izan ere, erakusketa espazioan dagoen ikus-entzunezkoentzako eremuan, baserriaren arkeologi aztarnak daude ikusgai, euren bilakaera fase ezberdinen arabera. Gune horretan bertan daude jasota zaharberritzeari buruzko gorabeherak, garai desberdinetako eraikuntza lanaren berezitasunak, eguneroko bizimoduak eta inguruaren eta baserriaren gizarte historia bera… Dena Igartubeitiko Plan Gidaria hasi zenetik burututako ikerlanari esker.
Bisita gidatuaren ostean, 15:00etan, bazkaltzera joan ziren Legazpiko Aztiria erretegira, eta arratsaldea denbora librean pasatu eta gero, 19:00etan hartu zuten itzulerako bidea.