Euskaraz egiteko "leku eta giro erosoak" eskaintzera dator, berriro, Gernika-Lumoko Berbalagun
Oraingo ikasturtean ere, euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak izango ditu oinarri Berbalagunek. Hamar mintzatalderekin abiatuko du ikasturtea, eta azaroan jarriko dute martxan ikasturteko lehen Ezetz Jakin lehiaketa.
Hamar mintzatalderekin hasiko du ikasturtea Gernika-Lumoko Berbalagunek. Euskaldun zaharrak, berriak eta euskara ikasteko erabiltzeko gogotsu daudenak batzeko eta euren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuz bultzatu zuten Berbalagun egitasmoa 20o3an Gernika-Lumon; AEK-k, udal euskategiak eta udalak jarri zuten martxan, eta ordutik, euskara bultzatzeko lanean ari dira etengabean. Eta, zeregin beragaz hasiko dute ikasturtea orain.
Berbalagunen helburua da jendeak euskaraz egiteko “leku eta giro erosoak topatzea”, Ibai Urrutia Gernika-Lumoko Berbalaguneko koordinatzailearen arabera. Hala, horretarako hamar mintzatalderekin hasiko dutela ikasturtea jakinarazi du, bai ordutegi, bai egutegi desberdinekin. Esaterako, iaz oinez egiteko mintzataldea abiatu zuten eguazten arratsaldeetan, eta aurten ere horrekin jarraituko dute. “Ohikoak diren taldekin ere jarraituko dugu, kafe bat hartzeko gelditzen direnekin edota albisteen inguruan berba egiteko batzen direnekin. Arratsaldeko askok ere, antzeko funtzionamendua dute, baina ostegun iluntzeetakoak, esaterako, tabernetara jotzen du eghiagotan. Beraz ordutegi zein giro desberdinetarako taldeak ditugu Gernikan”, adierazi du Urrutiak.
10 mintzatalde diren arren, kopuru aldetik, denetariko taldeak dira: badaude bost, sei edo zazpiko taldeak, baita ugariagoak ere, hamarrekoak. Gainera, saiatzen dira talde horietan Bidelagunak izaten. “Euskara maila jasoago edo altuagoa dutenei esaten diegu Bidelagun, taldeen gidaritza eroaten dutelako; hau da, zalantzak argitzeko gai direlako edo trabatzen direnei laguntzko prest daudelako rol horretan aritzen dirneak”. Hala, euskara praktikatu edo hobetu gura dutenei mintzataldeetan parte hartzeko deia egin diete, baina baita euskara ikasteko prozesuan dauden horiei laguntzeko prest dauden horiei ere.
Gainera, Astran Mintzodromoa ere egiten dute noizbehinka, ikasturteak aurrera egin ahala. Horietan, mintzataldeetako zein euskaltegietako jendeak parte hartzen du, eta denak euskaraz elkartzeko unea izaten da. “Iaz hiru antolatu genituen, aukera polita baita mintzatalde ezberdinak elkartzeko eta euskaltegietako ikasleek parte hartzeko. Iaz harrera oso ona izan zuten eta aurten ere horrekin jarraitzeko asmoa dugu, ea 20 pertsonako kopuru hori berdintzen edo handitzen dugun”, gehitu du Gernika-Lumoko Berbalaguneko koordinatzaileak.
Bestelako ekintzak.
Mintzatalde eta mintzodromoez gain, Gernikako Berbalagunetik ere beste hainbat ekintza antolatzen ditu: Ezetz Jakin lehiaketa, mendi irteerak, hitzaldiak eta Euskararen Eguneko 11 orduko irakurtaldia, besteak beste.
Udalerrian ezaguna den Ezetz Jakin lehiaketagaz, esaterako, azaroan hasiko direla aurreratu du Urrutia. 15 galderez osatutako galdetegiak izaten segituko dute, eta taberna edo establezimenduetan (liburutegi, kiroldegi) egongo dira eskuragarri. Paperezko lehiaketako galdetegiak bi aste barru egongo direla prest jakinarazi du.
Hilabete amaierako zapatuetan, gainera, mendi irteeretan ere batzen dira, eta hala jarraituko dute, Gernika zein inguruetako ibilbide ezberdin eta errazak egiten. Azaroan abiatuko dute aurtengo denboraldia, eta horrelakoetan parte hartzera animatu dituzte parte hartzera.
Gainera, aurten hitzaldi eta bestelako tailerrekin jarraitzeko asmoa agertu dute, iaz eta duela bi urte “harrera bikaina” izan zutelako, eta bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitu gura dute Berbalaguneko kideek, bide desberdinak jorratuz.
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen dituen ekitaldien artean, “berezia” izaten da Euskararen Eguneko 11 orduko irakurraldia, eta aurtengo abenduaren 3rako ere prestatuko dute irakurraldia. Horri buruz, baina, aurrerago emango dutela informazioa gehitu dute, baina, parte hartu nahi izanez gero, Berbalaguneko kideekin harremanetan jartzeko eskatu dute.