Bermeon euskaraz mintzatzen direnen sarea ikusarazteko, Berbalagun egitasmoa bueltan da
Norbanakoaren garrantzia azpimarratuz dator aurten ere Bermeoko Berbalagun egitasmoa, 'Euskara zu zara' lelopean. Arduradunek gogoratu dute parte hartu gura duen edonork izena eman dezakeela.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, udalerriko euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskolarekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa jarri du martxan, beste urte batez. Euskara zu zara lemapean elkartuko dira ikasturte honetan, iaz bezala, ze, esan dutenez, “norbanakoaren garrantzia” eta mintzapraktika-programetako parte hartzaileen zeregina azpimarratu nahi dute: “Egunero hizkuntzan trebatzen garen, praktikatzen dugun eta euskaraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osatzen dugu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dugunean, euskara gara denok”, azaldu du Marimar Hernandez Bermeoko Berbalaguneko dinamizatzaileak gaur, ikasturte berriaren aurkezpenean.
Berbalagun talde guztietan “euskaraz gustura eta lasai arituz, euskaldunon familia indartzen eta zabaltzen” jarduten dutea nabarmendu du Hernandezek, eta aipatu du, beraien programetan “ez dagoela ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo”. Hain zuzen ere, “saretze ariketa bat” bezala hartzen dute urteroko egitasmoa, Bermeon euskaraz hitz egiten dutenen sare hori ikusaraztekoa, gehienbat.
Urterokoarekin jarraituz, badaude dagoeneko sortuta dauden zenbait Berbalagun talde. Hala nola, martitzen goizetako taldea (12:30etik 13:30era), martitzen arratsaldeetakoa (18:30etik 19:30era), eta bariku arratsaldeetakoa (17:00etatik 18:00etara). Berbalaguneko dinamizatzaileak aurreratu du, hiru taldeak lameran batzen direla, ordubetez, “kalean euskaraz bizitzeko” asmoz. Hala ere, talde horiez gain, beste batzuk sortzeko ideia dutela zehaztu dute. 5-6 laguneko taldeak izaten dira, zeintzuk ordutegiak, adina eta zaletasunak kontuak izanik osatzen diren.
Aurten ere, zaletasunen araberako taldeak ere elkartuko dira, esaterako, inguruetatik oinez ibiltzeko talde bat dago, hilean behin batuko dena, eta lehenengo irteera urriaren 25erako jarrita daukate. Beste talde bat, berriz, dantza errazak praktikatzeko elkartuko da, eguaztenetan, 18:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean. Gainera, aurten, “esfortzu berezi bat” egin gura dute ikastetxeetan, familiak Berbalagun taldeetara erakarrita, eta udalerriko elkarteak ere animatu gura dira egitasmo honetan parte hartzera, esan dutenez. Bestalde, Gurasolagunentzako ekintzak ere egongo direla azpimarratu dute, “familian ere euskaraz egiteko ohitura bultzatzeko”: “Udazkenean, Tertanga etxean, Amurrion, gurasolagunentzako asteburu pasak eskaintzen ditugu, urriaren 18an eta 19an eta azaroaren 8an eta 9an”.
Hiru lehiaketa.
Horrez gain, berbalagunentzat eta ez direnentzat, Berbalagun lehiaketekin jarraituko dute, helburu berdinaren menpe: Udazkenekoa abenduan, negukoa martxoan eta udaberrikoa ekainean izango da, oro har. “Orain arte ehunka lagunek parte hartu dute, eta oso eskertuta gaude hain harrera onarekin”, adierazi du Hernandezek. Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza osagarri batzuk antolatuko dituzte, urtero egiten duten moduan: irteerak, hitzalditxoak, tailerrak… Herritarren proposamen guztiak ongi etorriak direla adierazi dute, bide batez.
Berbalagun egitasmoan “praktikaren bidez euskara hobetu gura duen edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilen edonor” izango da ongietorria, azaldu dutenez. Ildo beretik, egitasmora animatzeko deia zabaldu dute, eta Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak argi adierazi du, Bermeon badaudela euskara ikasteko edo horretan trebatzeko bideak, eta “gogoa” dela garrantzitsuena horretarako bidean: “Bermeon euskaraz bizitzeko aukera ezin hobea da Berbalagun egitasmoak eskaintzen duena. Euskara norbera da, euskara zu zara!”.
Izena emateko hainbat aukera daude; https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez izena eman daiteke edo 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi, baita Euskara Sailera edo kultur etxera hurbilduta ere. Halaber, informazio gehiago eskuratzeko https://praktikatu.eus/blog/bermeo ataria bisitatu daiteke.