Baserriko bizimodua, andre batek kontatua
Feli Madariagak ahoz kontatutako bere bizitzako pasarteak idatziz jaso ditu liburu batean Onintza Enbeitak: 'Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana'. Baserriko bizimodua gorde dute liburuan, emakume batek kontatuta, eta elizpea jendez beteta zegoela aurkeztu zuten hori joan den barikuan, euren herrian, Muxikan.
Feli Madariaga eta Onintza Enbeita. Maria Gallardo / Argia “Bizitza baten txatalak daude hemen: kontatu daitezkeenak. Bizitza guztiek baitituzte kontatu ezin diren gauzak. Kontatzen dituzunak, ostera, eskolan lantzeko modukoak dira, buruz ikasteko modukoak”. Onintza Enbeita Maguregiren berbak dira, Feli Madariaga Torrealdairen bizipenak eta baserriko bizimodua gordetzen dituen Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana liburutik ateratakoak. Muxikar biak dira Argiak kaleratutako liburu horren protagonistak: Enbeita da egilea, eta Madariaga, berriz, protagonista. “Baldatikatik Igerturaino zabaltzen den ortzadar baten moduko bizitza da zurea, Feli. Kolorez betea: bere argi eta bere ilun. Ordenagailu aurrean beste batzuk eseri gara, baina liburu hau zeurea da”, onartu du Enbeitak.
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua da Bizitza baten txatalak. Baserriko bizimodua gorde du bertan Enbeitak, emakume baten ahotan idatzita. Madariagaren bizipenak kontatu ditu, Muxikako Igertu baserrira ezkondu zenetik lurrari emana bizi izan denaren testigantzak. Horretarako, Madariaga “eskuzabala” izan dela azpimarratu du Enbeitak, “ez delako erraza” norbere bizimodua beste pertsona baten eskuetan jartzea, eta hori egiteko ausardia izan duelako Madariagak: “Ni joan nintzen Igertura grabagailuarekin, hortik zer aterako zen oso ondo jakin barik. Ze, Argiakoak deitu zidatenean, liburuaren oinarrian andra eta lurra izan behar nituela esan zidaten, eta buelta asko eman eta gero, andra eta lurra batzen dituen pertsona hori Feli dela pentsatu nuen. Andra eta lurra pertsona batengan gurutzatzen baziren, hori Feli zen. Eta, uste dut ariketa oso ausarta egin duela berak, ezagutzen garen arren, eta elkarrekin kilometro batzuk egin ditugun arren, uste baitut oso ariketa ausarta dela zure bizipenak beste norbaiten eskuetan uztea”.
Feli Madariaga: “Nik etxe ondoan biluzik ibili nahi badut, arazorik gabe ibili naiteke. Libre bizi naiz ia denerako. Libertate hori ez nuke orain ezergatik aldatuko”
Kontatutako batzuk “maitasunez” idatziz jaso ditu Enbeitak, eta beste asko ez ditu idatziz kontatu, “den-dena inori ere ez zaiolako esan behar”. Arratsalde pare batetik, kafea hartzeko kontuetatik eta antzerkiko bizipenak kontatzeko momentuetatik atera da liburua Enbeitaren berbetan. Eta, zergatik txatalak? “Ez genuelako kontakizun kronologiko bat egin gura. Hartu ditugu zatirik garrantzitsuenak, eta puzzle baten moduan eraiki dugu liburua. Ez dago erabat kronologikoki ordenatua: batzuetan aurrera eta atzera egiten dugu, Baldatikara bueltatzen gara. Baina, hor daude bizitza baten txatalak, bizitza bat ulertzeko nahikoa direnak“, azpimarratu du Enbeitak.

‘Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana’ liburuaren aurkezpena Muxikan.Argia
Txikitan, Enbeita eskolara zihoala, autobusak Astelarratik Ugarterainoko bidea egiten zuen hango umeen bila joateko, eta Igertu baserritik pasatzerakoan, han ikusten zituen Julian Gabikaetxebarria eta Madariaga etartean. Baina, Enbeita eta Madariaga Muxikako emakumeen antzerki taldean hasi ziren elkar ondo ezagutzen, antzerkia egiteko elkartu zirenean. “Antzerkiaren esperientzia oso ederra izan da Muxikan. Eta, ondorioz, libruuaren hasierako eskaintza antzerkia egitea proposatu nienean baietz esan zuten andra guztiei eskaini diet. Ze, esperientzia polita izan da eurekin 10 urtetan bizi izan duguna”. Eta, antzerkiko emakumeentzako “une oso potente” bat dagoela nabarmendu du Enbeitak: bigarren antzerkia Ariatzako elizan estreinatzerakoan Madariagak egin zuen lanarena: “Feli zen obrako protagonista, 83 urtegaz. Eta, taldekide gazteagoek Feli urduri jarriko ote zen beldurra bazuten ere, magia egin zuen Felik. Aritzako elizan, baserriko gizon gogor guztiek negar egin zuten, andra bigun denon moduan. Eta, momentu magiko bat sortu zen orduan”.
Baina hori ez da elkarregaz bizi duten une magiko bakarra izan: liburua egin zutenekoa da, bigarrena. “Liburua eginda ikusi nuenean, berriro magia egin genuela pentsatu nuen. Bizitza bat, teorian arrunta dena, bihurtu dugu liburu berezi bat. Eta, kontatzen dira gauza asko eskolan lantzeko modukoak direnak eta garai bateko lekukotza garrantzitsu bat ematen dutenak. Hor ere badago magia”, onartu du idazleak.
Onintza Enbeita: “Nik jendeari transmititu gura nion niri Felik transmitutu didana. Ez nuen nahi jendeak igartzea ni egon naizela erdian”
Eta, hirugarren momentu bat ere badago: liburu aurkezpenekoa. Elizpean egin zuten hori barikuan (urriak 10), eta bertan elkartu ziren hainbat eta hainbat bizilagun. Horietako askok, liburua irakurri dutenek, euren ama edo amuma ikusten dute Madariagaren lekuan. “Liburu honen magia hori ere bada: denok daukagula norbait Feli izan dena, andra eta lurra batzen dituena”, esan zuen Enbeitak. Eta, Argiari eskerrak eman zizkion “belaunaldi oso bategaz zorra kentzeko aukera” eman diolako: “Liburua dedikatzeko eskatzen didatenean, beti ipintzen dut bera: Felin ahotsean zaudeten andra guztiei. Hil direnei, edo horrelako aukerarik izan ez dutenei, eskerrik asko. Beraz, alde horretatik, eskerrik asko Argiari”.
Belaunaldi bateko andrek “beti imajinatu” izan dutela euren ama edo amumen bizimodua zein zen dio Enbeitak, baina zuzenean eurei “oso gutxitan” galdetu izan zaiela uste du: “Oso gutxitan galdetu diegu eurei benetan zelan izan ziren gauzak eurentzako. Eta, niretzat ariketa oso polita izan da Feliri galdetzea. Liburuan gauza eder asko daude, baina esaldirik politena da —infinito politena—, eta gauza asko laburbiltzen dituena da hurrengoa: gauza alegreagorik ez dago jantza baino. Felik hori esan zidanean, esaldi ederra zela pentsatu nuen. Guk pentsatzen dugu guk asmatu ditugula gaupasa eta parranda, baita ondo pasatzeko modua ere, baina ez. Hemen daukazue Feli, abarketa pilo bat apurtu dituena dantzan”. Hala berretsi du Madariagak ere: “Ez dago jantza baino gauza hoberik: Gernikara bajatu, eta 16:00etatik erromeria amaitu arte egoten ginen jantzan, gero Baldatikaraino karameloak miazkatzen joateko”.

‘Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana’ liburuaren aurkezpena Muxikan.Argia
Lehenengo pertsonan idatzi du liburua Enbeitak, Madariagaren euskara ederra “arduraz” zainduta: “Nik jendeari transmititu gura nion niri Felik transmititu didana. Nik ez nuen nahi jendeak igartzea ni egon naizela erdian. Horretarako ariketa asko egin ditut: lehenengo dena transkribitu nuen berba egiten dugun moduan, gero Bizkaiera jasora aldatu nuen, eta gero Euskara Batura. Saiatu naiz fidel-fidela izaten Felirekin eta bere hiztegiarekin, nahiz eta jantzan ezin izan den horrela mantendu eta dantzan idatzi behar izan dudan”. Hirugarren pertsonan idaztea “gezurra” esatea izango zela uste zuelako idatzi du Enbeitak lehenengo pertsonan. “Ni egon naiz ordenadore aurrean, baina Feliren liburua da hau. Feliren bizitza da hau, eta berak kontatu duen moduan idatzita dago. Nik asko ikasi dut Felirengandik, antzerkian ibili ginen denboran, plazara joaten hasi nintzenean, zein liburu hau idazten sartu ditudan orduetan. Plazer handia izan da, eta berriro eskertzen diot Feliri”, gehitu du Enbeitak.
Feli da liburuko protagonista, eta liburua irakurri dutenek bera ezagutu gura dutela esaten diotela gehitu du Enbeitak: “Nigana datorren jendeak, liburua irakurri duenak, Feli gura du ezagutu. Liburua irakurtzerakoan Feli besarkatzeko gogoa ematen du, ze bere eskuzabaltasun horregaz kontatzen du bere bizitza. Adin batetik gorako jendeak bere bizitza ikusten du liburuan, eta beste batzuek euren amarena edo amumarena. Denok ikusten dugu baten bat, eta jendea hunkitu egiten da”.
Liburuak, baina, memoria ariketa bat ere egitea dakarrela uste du muxikarrak, izan ere, liburua irakurtzerakoan, “askori” umetan ikasitakoak etortzen zaizkio gogora. “Umetan ikasi genituen gauza batzuk hor daude, irakurtzen duzu liburua eta berritzen da hori guztia: sasoian sasoikoa dena, naturaren zikloak zelakoak diren, zelan lan egiten zuten gure aurrekoek ortuan. Uste dut, orokorrean, gordetako liburu moduan bizi duela jendeak lan hau, denek enpatizatzen dutela Feliren bizipenekin. Hori da jaso dudan feedbacka”.
Feli Madariaga: “Amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, jagon egin behar dira, eta jakin behar da hori zelan egin, gero eurek eman dezaten”
Madariagak ere “ezustekoa” hartu du liburuak ekarri duen guztiarekin. “Ez nuen pentsatzen atera den guztia aterako zenik. Horrelako gauza guztiak idatz zitekeenik baserriko andra bati buruz, ez dut sekula pentsatu horrenbeste jende batuko zenik baserritar bat ikusteko”, onartu du. Liburua argitaratu aurretik berak ere irakurri zuen, eta “ondo” zegoela iruditu zitzaion.
Bakoitza bere jakituriagaz bizi dela dio Madariagak, eta baserriko andrek eurena dute. Hala, Madariagak kontatu du azokan “lurrak ematen duen zerbaitengatik gehiegi kobratzen zuela” esan ziotela, baina amari eta lurrari eman egin behar zaiela adierazi zuen: “Jendeak pentsatzen du lurrak berez ematen duela fruitua, baina horri ere jaten eman behar zaio, amari modura. Amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, jagon egin behar dira, eta jakin behar da hori zelan egin, gero eurek eman dezaten”.

‘Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana’ liburuaren aurkezpena Muxikan.Argia
Estitxu Eizagirre Kerejeta Argiako kideak libururekin baserritarrei ahotsa ematea bilatu dutela onartu du: “Behin, gure kolaboratzailea den baserritar batek esan zigun baserritarrek askotan ez dutela ahotsik. Jende askok hitz egiten duela baserriaren alde, jende askok hitz egiten duela baserritarrez, baina baserritarra izan gabe. Hor ikusi genuen bazegoela hutsune bat, eta orduan hasi ginen baserritarrek idatzitako liburuak ateratzen”. Josebe Blanco artzainaren Hausnarrean. Ardien egin naute artzain izan zen Bizi Baratzea bildumaren barruan kaleratutako lehen liburua, eta Enbeitak landutakoa da bigarrena. “Baserrian jaioa, eta baserri mundukoa da Enbeita, hitzekin trebea eta grazia handikoa hitzak sortzen, kantatzen, idazten. Berari proposatu genion, eta berak erabaki zuen, bere esperientziari buruz idatzi beharrean, Feliren testigantza jasotzea eta ekartzea. Argian oso gustura gaude bien artean egin duten lanarekin. Beste libruuengandik oso desberdina da, baina historia oso indartsua dakar, oso ondo kontatuta”.
Madariaga “bizitzeko modu baten lekuko” da Enbeitaren arabera, “baserria lanbide eta bizibide” izan duen belaunaldi bateko kidea: “Jornala ateratzea inportantea zen, baina baserrian bizi zinen. Bizi. Ez baita berdina gauez lasai lo egiteko etxe bat izatea, edo etxe horrek ematen zein kentzen duen araberako bizitza eraikitzea”. Aske bizi da Madariaga, eta hala jarraitu gura duela adierazten du liburuan: “Nik etxe ondoan biluzik ibili nahi badut, arazorik gabe ibili naiteke. Libre bizi naiz ia denerako. Libertate hori ez nuke orain ezergatik aldatuko”.

‘Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana’ liburuaren aurkezpena Muxikan.Argia