Adimen artifizialak negozio txikiak zelan eralda ditzakeen ikasteko programa jarriko dute martxan
Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta SPRIk digitalizazio programa bat prestatu dute, tailer praktikoekin eta autonomoentzako eta enpresa txikientzako aholkularitza pertsonalizatuarekin. Urriaren 22an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean izango dira saioak.
Adimen artifizialak (AA) urruneko teknologia izateari utzi dio, eta enpresek euren egunerokotasunean txertatzeari ekin diote. Ondorioz, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroak, SPRI Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentziagaz elkarlanean, autonomo eta enpresa txikiei trantsizio digitalean laguntzeko asmoz, Bultzatu zure negozioa adimen artifizialarekin programa jarriko du martxan. Prestakuntza ibilbidea urritik abendura bitartean egingo dute, hiru saiotan: urriaren 22an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Lanbide Ekimenak zentroan —Alondegia 6, Gernika-Lumo—.
Programak enpresa txikientzako prestakuntza tailer teoriko eta praktikoekin eta aholkularitza teknologiko pertsonalizatuarekin konbinatuko ditu, enpresa txikiei adimen artifiziala eguneroko kudeaketan “modu erabilgarri eta seguruan” sartzen laguntzeko. Gehitu dute programak laguntza eskainiko duela digitalizazio proiektuetarako laguntzak eta diru laguntzak bilatzeko.
Jon Lejarraga ekonomia zinegotziak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: “Gure autonomoek eta enpresa txikiek lehen eskuraezinak ziruditen tresnak eskura izatea nahi dugu. Eta, tailer hauekin, adimen artifiziala modu praktikoan aplikatu, prozesuak hobetu eta gero eta digitalagoa den merkatu batean eraginkortsun handiagoz lehiatu ahal izango dute”.
Lehen saioan, adimen artifizialak nola lagun diezaieken web presentzia eta marketin estrategiak hobetzen ikasiko dute, Konkistatu zure bezeroak AArekin saioari esker. Bigarren tailerrean zereginak automatizatzean jarriko dute arreta, laguntzaile birtualekin eta automatizazio tresnekin denbora zelan aurreztu eta prozesuak nola sinplifikatu erakutsiko baitiete. Eta, abenduko saioan erakutsiko diete datuak interpretatzeko adimen artifiziala erabiltzen, bai kudeaketa optimizatzeko, bai enpresa erabakiak hartzea errazteko.
Programak langile tekniko espezializatuak izango ditu, eta horiek zuzenean argituko dituzte bertaratzen direnen zalantzak enpresa parte hartzaile bakoitzaren instalazioetan, “ekimenaren ikuspegi praktikoa indartuz”.
Hala, Lanbide Ekimenak nabarmendu du programak digitalizaziorako sarbidea demokratizatzea ahalbidetuko duela, “adimen artifiziala euskal ekoizpen sarearen bihotza diren enpresa txikietara eta autonomoetara hurbilduz”.