Gaztainen bila joan eta giro ederran bueltatu dira arteagarrak
Gaztañerre Egunean elkartu ziren domekan (urriaren 12an) Gautegiz Arteagako haur, gazte zein nagusiak. "Giro ederra" nagusitu zen gaztainak batu zein erretzen zituzten bitartean.
Gaztañerre Egunean bildu ziren arteagarrak. Montorrealde Guraso Elkartea Tradizioagaz jarraituz, atzo (urriak 12), ospatu zuten Gaztañerre Eguna Gautegiz Arteagako haur, gazte eta nagusiek. Beste urte batez, Montorrealdeko Guraso Elkartearen deiari erantzun zioten herritarrek, eta gaztainak batzera joan ziren Atxarre inguruetara. Azken urteetan baino jende gutxiago batu zen arren, “lagun giro ederrean” ibili ziren hara eta hona gaztainak topatzen. “Azken urteetan baino jende askoz gutxiago bertaratu zen. Jende gehiago espero genuen, baina dena dela, dena atera zen ondo eta giro polita sortu zen”, esan dute antolatzaileek.

Gaztañerre Egunean bildu ziren arteagarrak.Montorrealde Guraso Elkartea
Alde batera eta bestera joan behar izan zuten, ez baitziren egon aurreko urteetan beste gaztaina. Zehatz esateko, 17 kilo gaztaina bildu zituzten; iazko 38,5 kiloetatik urrun ibili dira, beraz, aurten arteagarrak.
Herrigunera bueltatuta, ez zioten ohitura bilakatu den gaztaina bilketaren apustuari hutsik egin, hainbat herritar saiatu ziren asmatzen zenbat kiloko sakua batu zuten.
Gaztainen kopuruari buruzko apustua egin ostean, horiek jateko unea iritsi zitzaien, eta antzinako erara prestatuta jan zituzten horiek; izan ere, tanbolinean erre ohi dituzte urtero. Aurten ere, pintxoak jateko aukera ere eduki zuten Montorrealde Guraso Elkartearen eskutik, giro ederrean, gainera.

Gaztañerre Egunean bildu ziren arteagarrak.Montorrealde Guraso Elkartea