3.000 euroko ekarpena, Gurutze Gorriaren lan soziala bultzatzeko
Busturialdeko Gurutze Gorriak egiten duen lan sozial hori ezagutzera emateko zein lan horri ekarpena egiteko elkartasun jaia antolatu zuten zapaturako (urriak 11) Legoie Tabernak eta Boliña Jatetxeak. 3.000 euroko ekarpena bildu dute eskualdeko Gurutze Gorriarentzat.
Busurialdeko Gurutze Gorriaren aldeko jaia Gernikan. Gurutze Gorria Itzalpean egiten diren lan horietako bat da Gurutze Gorriko langile eta boluntarioek egiten dutena. Behar zaienean agertzen dira, eta egiten duten erreskate lana da ezagunena. Baina, lan horrez gain, behar sozial “itzela” egiten dute: larrialdiei erantzuten diete, bai, baina ingurumena zaintzeko lan egiten dute, janari bilketak egiten dituzte, jostailuak ere batzen dituzte, eta bakardadearen aurkako laguntza ere eskaintzen dute, besteren artean. Eta, Busturialdeko Gurutze Gorriak egiten duen lan sozial hori ezagutzera emateko zein lan horri ekarpena egiteko elkartasun jaia antolatu zuten zapaturako (urriak 11) Legoie Tabernak eta Boliña Jatetxeak, eta egunaren “balorazio ona” egin dute. Izan ere, 3.000 euroko ekarpena bildu dute eskualdeko Gurutze Gorriarentzat.
11:00etatik 19:00etara bitartean egon zen zer ikasi eta zertaz gozatu Adolfo Urioste eta Barrenkale kaleetan. Izan ere, Adolfo Urioste kalean jarritako postu desberdinetan Busturialdeko Gurutze Gorrikoek euren lanaren berri eman zuten: ze lan egiten duten, nola mugitzen diren, zein kasutan parte hartzen duten… jakinarazten ibili ziren. Eta, Barrenkalen jarritako oholtzan euren esperientziak eta helburuak partekatu zituzten. “Ederra izan zen, ze gure asmoa Gurutze Gorrikoen zeregina zabaltzea zen, eta jende asko bertaratu zen postuetara. Herritarrek ikusi zuten zelako lana egiten duten, eta horregaz pozik geratu gara”, azaldu du Oier Alberdi antolatzaileetako batek.

Busurialdeko Gurutze Gorriaren aldeko jaia Gernikan.Gurutze Gorria
Gainera, Gurutze Gorrikoen lana zabaltzeaz gain, eurentzako ekarpena jaso gura zuten, eta horretarako marmitakoa prestatzen ibili ziren. Hain zuzen ere, 300 errazio baino gehiago banatu zituzten, eta hortik lortutako diruari bi tabernek ekarpena egin zioten, zifra 3.000 eurotan biribilduz. Izan ere, marmitakorako erositako tiket bakoitzak, marmitako plateraz gain, zozketarako oparietarako zenbakiak ere bazituen, eta dena banatu zuten; besteren artean, Athleticeko jokalariek sinatutako kamiseta bat, Gernika Rugby Taldekoek sinatutako baloia, Lointek Gernikaren kamiseta, Gernikako bi futbol taldeen kamisetak, edota zesta-puntako kamiseta bat zozketatu zituzten, baita Gatibuk sinatutako diska eta bestelakoak ere. “Lehenengo urtez antolatu dugu, eta oso pozik gaude jasotako diru ekarpenagaz. Egindako lanagaz eta jasotako erantzunagaz pozik gaude”, dio Alberdik.

Busurialdeko Gurutze Gorriaren aldeko jaia Gernikan.Gurutze Gorria
Busturialdeko Gurutze Gorriko ordezkariekin berba egin dute, eta eurak ere oso eskertuta agertu dira, euren lana ezagutara emateko balio izan zuelako egunak. Hori bai, elkarrekin, hurrengo baterako “zertan hobetu” behar duten ere ondorioztatu dute. “Jaia goizegi hasi genuen”, onartu du Alberdik, lehenengo aldietan ikasteko eta hobetzeko asko dagoela gehituta. Hala ere, “pozik” geratu dira egindako lanagaz, eta bigarren egunen bat antolatzeko asmoa ere agertu dute.