Udazkeneko inausketa berdearen ikastaroaren hasiera "ezin hobea" izan da
Fruituola proiektuaren parte den 'Udazkeneko inausketa berdea: funtsezko teknikak eta praktikak' ikastaroa egin zuten eguenan (urriak 2). Saioa "oso arrakastatsua" izan zela nabarmendu dute Urremendi Landa Garapen Elkartekoek.
Alde teoriko zein praktikoa izan zuen lehen jardunaldiak, Muxikan.Urremendi Landa Garapen Elkarte Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatu, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak bultzatu eta HAZI Fundazioak finantzatutako Udazkeneko Inausketa Berdearen ikastaroak Fruituola proiektuaren parte dira, eta antolatzaileek esan dutenez “hasiera ezin hobea” izan dute. Ze, prestakunta ikastaro horren lehen jardunaldiak, Udazkeneko inausketa berdea: funtsezko teknikak eta praktikak, plaza guztiak bete zituen, iragan eguenean, Muxikan; 30 plaza, hain zuzen. Aitor Etxeandiak gidatu zuen lehen saioa, eta Josu Uruburu ekoizle ekologikoaren ustiategian garatu den saio praktiko bat ere izan zuten.
Hala nola, ekimenaren xedea argia dela esan dute: frutagintza sektoreari eta, oro har, nekazaritza ekosistemari lotutako pertsonen gaitasunak indartzea. “Ekimen berritzaile” bat dela zehaztu dute, zeinek “Busturialdea-Urdaibai inguruko nekazari profesionalen lursailetan fruta-arbolen hainbat sail ekologiko instalatzea eta garatzea” ahalbidetuko duen. Halaber, ezagutza sortu nahi du; transferitu. Fruta ekologikoaren ekoizpena handitu, eta baratze-ustiategien jarduera dibertsifikatu.
Ikastaroa, batik bat, frutagintza sektorean sartu nahi duten pertsonei eta nekazaritza ekosistemako teknikariei zuzenduta dagoela gaineratu dute, eta horren baitan “lau jardunaldi” prestatu dituzte. Azaldu dute, lehen jardunaldiak ikuspegi teoriko-praktikoa izan duela; zehazki, fruitua bildu ondoren inausketa berdearen oinarriak sendotzeko eta benetako ustiategietan aplikatzekoak. Hurrengo hitzorduak ere finkatu dituzte, nolabait. Izan ere, 2026ko otsailean, udaberrian eta uda garaian egingo dira hurrengo saioak, “prestakuntzaren eta praktikaren etengabeko jarraipena bermatzeko”.
Urremendi Land Garapen Elkarteko gerente Aitziber Ansotegik lehen saioaren arrakasta txalotu du, beregain: “Lehen saioaren parte-hartzearen arrakasta honek berretsi egiten du eskualdean kalitatezko nekazaritza-prestakuntzarekiko dagoen interesa. HAZIren laguntzarekin, Fruituola funtsezko proiektu gisa sendotzen ari da frutagintza jasangarria bultzatzeko eta landa ingurunean aukera berriak sortzeko”. Bide batez, Urremendik “lehen sektoreko berrikuntzarekin, nekazaritzaren jasangarritasunarekin eta landa eremuan lan egiten eta trebatzen diten pertsonen gaitasunen hobekuntzarekin” duen konpromisoa indartzen duela azpimarratu du.