Oporton lehiatutako Kickboxing lehiaketatik zortzi domina ekarri dituzte etxera TAE Gernikakoek
2 urregorrizko domina eta 6 urrezurizko domina lortu dituzte TAE Gernika klubeko ordezkariek Oporton (Portugal) lehiatu duten Kicboxingeko Open Iberikoan.
TAE Gernika klubeko ordezkariak Oporton (Portugal) izan dira asteburuan, Kicboxingeko Open Iberikoa lehiatzen, eta klubak nazioarteko mailan egin duen lehen agerraldietako horretan zortzi domina lortu dituzte: bi izan dira urregorrizkoak, eta sei urrezurizkoak. Atleten esfortzuak eta ekinak emaitza horien isla direla azpimarratu dute klubeko ordezkariek.
Zehatz esateko, klubeko bederatzi atleta joan dira Oportora —lau neska eta bost mutil—, eta Light Contact eta Kick Light izeneko modalitateetan ibili dira norgehiagoka. Zapatuko lehen txandan, lehiaketako final-zortzirenak eta final-laurdenak lehiatu zituzten, eta horietan lehiatu zuten klubeko ordezkariek “maila tekniko bikaina” eta “jarrera lehiakor handia” erakutsi zuten; hala, horietako seik lortu zuten domekako finaletara sailkatzea. “Aipatzekoa da lehian gure kirolariek erakutsitako maila ikusgarria izan dela, eta lehiakide guztiak gorengo maila teknikoa eta oso lehiakorra erakutsi dutela, halanda ze, gure kirolariak lortutako emaitzak merezimendu gehiagokoak dira”, gehitu dute taldeko ordezkariek.
Hain zuzen ere, lorpen horiek dira TAE Gernika klubeko kideak “oinarrizkoak” dituzten behar “iraunkorraren, diziplinaren eta hobetzeko ahaleginaren” emaitza, baita euren teknikarien konpromisoaren erakusgarria ere. “Klubetik zorionak eman gura dizkiegu atleta guztiei euren jokamolde bikainagatik, eta bai Gernika, bai kluba harrotasun, kiroltasun eta pasioz ordezkatzeagatik ere”.