Martxan dago Morgako XIII. Argazki Lehiaketa
Urriaren 20ra arte bidali daitezke 'Antzineko erretratuek' gaiarekin lotutako argazkiak kultura@morga.eus helbidera.
Morgako Udalak XIII. Argazki Lehiaketa martxan dagoela iragarri du. Antzineko erretratuek gaipean jorratuko da, aurten, lehiaketa. Parte hartzaile bakoitzak 5 argazki bidaltzeko aukera izango du, urriaren 20ra arte. Irudi digitalak izan behar dira, eta kultura@morga.eus helbidearen bidez aurkeztu behar direla zehaztu du udalak.
“Bidaltzailearen izen eta abizenak, kontaktua eta argazkiaren kokapena jarri behar da argazkiak aurkezterakoan, ‘Argazki Lehiaketa’ izenburupean”, gaineratu dute udal ordezkariek. Hala nola, jasotako argazkiak Morgako Udalaren artxiboan sartuko direla aurreratu, eta “erakusketak, egutegiak eta webguneak apaintzeko” erabiliko dituztela azaldu dute.
Nabarmendu dute, halaber, edonolako erantzunkizuna argazkiaren egilearen mende egongo dela: “Udalak uste dau argazkietan agertzen diren pertsonek baimena eman dutela horietan agertzeko”. Epaimahai baten esku izango da irabazlea aukeratzearen lana, eta bi sari egongo direla aipatu dute. Alde batetik, txakoli lotea eta herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa eskuratuko du lehen postua jasotzen duenak; bestetik, bigarren sarituak herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa lortuko du.