Gernika-Lumon jarriko dute abian Euskal Herria Lau Haizetara dinamika
Gure Eskuk herritar nahiz eragile sozialekin burujabetzaren auziaz eztabaidatzeko antolaturiko ekimena da Euskal Herria Lau Haizetara. Martitzenean [urriak 7], Gernika-Lumon hasiko da, 18:30ean, Elai-Alai aretoan.
Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoa izango da Gure Eskuren Euskal Herria Lau Haizetara herriz herriko dinamikaren lehendabiziko geralekua; datorren martitzenean [urriak 7], 18:30ean hasita, herritarrak aipatutako aretoan egingo duten aurkezpen agerraldira eta parte hartze saiora deituak daude. Burujabetzaren bidean aurrera egiteko “urrats esanguratsua” dela aditzera eman dute Gure Eskuko ordezkariek.
Dinamika horren zutabea eskualdez eskualdeko programazioa izango da. Programazio hori ez dute egingo, gainera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren “estatusaren barruan”: “Hala Ipar Euskal Herriko lurraldeetan, nola Nafarroa Garaian ere egingo dugu”. Herritarrekin burujabetzaren “nozioa, egungo testuingurua eta ate joka dauden erronkak” zertan diren eztabaidatzea izango da egitasmoaren xedea. Ez hori bakarrik: Gure Eskuk urte amaiera artean aurreikusten dituen dinamikak zeintzuk izango diren eta zertan oinarrituko diren ere azalduko dute. Bilera irekiaren noranzkoa “alde bikoa” izango da. Alde batetik, egungo egoera politikoaren irakurketa gaurkotua plazaratuko dute; bestetik, “Gure Eskuren 2025-2026ko dinamika zerrenda” herritarrekin partekatuko dute, “betiere beraien ekarpenak nahiz iradokizunak jasoz eta balizko zalantzak argituz”.
Eskualde bakoitzeko, bilera bana egitea dute esku artean. Gehienak jadanik lotuak dituzte, baina argitu dute behin betiko zerrenda ez dela publikoa, “oraindik konfirmatu gabeko zenbait toki” baitaude. Edozelan ere, orain arte jasotako erantzuna “positiboa eta itxaropentsua” dela adierazi dute. Bilera irekien zutabe nagusietako bat, gainera, tokian tokiko eragileekin elkarlana eta saretzea sustatzea izango da. Gernika-Lumoko saiorako tokiko talde eragilea zein den egunean bertan esango dute, “baina eskualdeko egoerara doitutako taldea da”.
Ez hori bakarrik: “Aurretiaz eragile batek parte hartzea adostuta egon arren, bileraren eguna oso probetxugarria izan daiteke Gure Eskuren funtsekin zein oinarriekin bat egin dezaketen eragile berriak ezagutzeko eta haiekin elkarrizketatxoa edukiz, zubiak sortzeko”. Alde horretatik, eragileen arteko “aniztasun aberasgarriari” dei egiten diote: “Herri eta nazio gisa jorratu beharreko erronkei, hain zuzen ere, aniztasunetik heldu behar diegu; horrexegatik dei egiten diegu denetariko eragileei eta, zelan ez, norbanakoei. Ekainaren 7an Bilbon egindako manifestazio nazionalak, argazki jendetsuaz harago, Euskal Herriaren erretratu anitz eta koloretsua utzi zigun; argazki horri eutsi behar diogu”.
Bizkarrezurra, Zornotzan.
Gernika-Lumoko bilera irekia orduko, Gure Eskuk biltzar nazionala egingo du bihar goizean, Zornotzan, Bizkarrezurra izenpean. Bertan plazaratuko dituzte 2025-2026 dinamikak. 11:00etan ipini dute ordua, Zelaieta kultur zentroan. Parte hartu gura dutenek izena eman behar dute, Gure Eskuren sare sozialetako QR kodea baliatuz. “Euskal herritartasunaren eta euskal nazionaltasunaren ideia zabaltzea eta erakunde nagusiak —eragile sozialak, alderdi politikoak zein sindikatuak— burujabetzaren bidean urratsak egitera bultzatzea” dira bihar taularatuko dituzten ardatzak.