Abian da Gautegiz Arteagako 2026ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa
Azaroak 23ra arte egongo da argazkiak aurkezteko epea, eta parte hartzaile bakoitzak 3 argazki aurkeztu ditzaketela adierazi du Gautegiz Arteagako Udala.
2026ko egutegia osatzeko asmoz, urteroko argazki lehiaketa abiatu du Gautegiz Arteagako Udalak. Hala, adierazi dute gaia Gure Herria izango dela, eta “edozein pertsonak” har dezakela parte. Azaldu dute, baina, parte hartu nahi duten adingabeek guraso edo tutorearen baimena izan behar dutela. Argazkiak bidaltzeko epea, halaber, azaroaren 23ko eguerdiko 12:00ak izango dira.
Parte hartzaile bakoitzak “3 argazki” bidaltzeko aukera izango du gehienez; posta elektronikoz zein zuzenean udaletxean (Herriko Enparantza, 1, Gautegiz Arteaga) entregatu daitezke argazkiok. Posta elektronikoz bidaltzekotan, udala@gautegizarteaga.eus edo kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbideak ahalbidetu dituztela eman dute aditzera, “ohiko postaz” gain. “Formatu elektronikoz edo paperez/fisikoz” bidali daitezke, eta gaineratu dute, paperezko formatuan bidaltzen diren argazkien kasuan, parte hartzaileek argazkiak bueltan jasotzeko eska dezaketela, lehiaketa amaitzen denean.
Aurkezten diren irudi guztien artean 12 argazki finalista aukeratuko dituzte, “udal egutegia hilero ilustratzeko”. Hala, baina, parte hartzaile bakoitzak “aurretiaz argitaratu barik” dauden argazkiak aurkeztu beharko dituela, eta epaimahaia “egutegia editatzeaz arduratuko den publizitate agentziako zenbait ordezkarik” osatuko dutela esan dute.
Horrez gain, udal ordezkariek jakinarazi dute, sari banaketa, urtero legez, “lunch batekin” ospatuko dutela abenduaren 20an, eta parte-hartzaile guztiak daudela gonbidatuta. Izan ere, irabazleek “lehiaketarekin zer ikusia duen oparia” jasoko dute, eta erakusketa bat ere egingo dute jasotako irudiekin.