Osagai desberdin eta berezien azoka
Jendetza bertaratu zen Muxikako Nekazal eta Artisau Azokara herenegun [irailak 28], eta “giro onean” elkartuta, askotariko proposamen eta eskaintzaz gozatu zuten.
Inaxio Perurenak, Ainitze Zumetak, Maddi Gesalagak, Eli Lertxundik, Iker Vicentek eta Ugaitz Mugerzak erakustaldia eskaini zuten, eta, horrez gain, Aikopeko erromeria taldeko musikariek, Basotxoritxuko dantzariek eta Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita bertsolariek girotu zuten azoka eremua. Hain zuzen ere, horien bertsoek lagunduta aritu ziren kirolariak aizkoran, ingude altxatzean, harriak jasotzen zein trontzan.
Ā
Gainera, Perurenak plazak uztea erabaki du, eta omenaldi xumea eskaini zioten. Eskertuta eta pozik agertu zen leitzarra: “Esker hitzak besterik ez ditut. Publikoarentzat erakustaldi normala izango zen, baina, gaur, plazan 240 kiloko harri horri egin diodan azken ekina izan da. Badakit momentu hauek faltan botako ditudala, baina osasuna da lehendabizikoa, eta belaunak eta gorputzak nahikoa dela esan didate. Hemendik aurrera ibilbidea gogoratuko dut”. Hain zuzen ere, urriaren 25ean Leitzako plazan izango da bere agurra.

Ekoizleen eta artisauen eskaintzez gain, herriko bi emakumek bat egin duten liburua salgai egon zen: Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana. Enbeitak Feli Madariagaren bizipenak jaso ditu bertan, eta aldi berean, “baserriko bizimodua, erromantizismorik gabe”. Liburua urriaren 10ean aurkeztuko dute, 19:00etan, udaletxean.