Bigarren garaipena, zaleen berotasunean
Gernika Rugby Taldeak 34 eta 16 irabazi du Valencia Rugby Taldearen aurkako neurketa. Partidua "nahiko txarto" hasi arren, aurkarien akatsak aprobetxatuz puntuak poltsikoratuz lortu dute denboraldiko bigarren garaipena. Asteburuan ere Urbietan jokatuko dute, Complutense Cisneros Zetaren kontra.
Gernika Rugby Taldeak Valencia Rugby Taldea hartu zuen Urbietan, atzo. Angel Grande Fase erregularra bukatzean titulua lortu eta Ohorezko Mailararako txartela eman diezaiokeen play offetara sailkatzea du helburu aurten Gernika Rugby Taldeak, eta basurdeek ondo dakite bide horretan garrantzitsua dela hasieratik garaipenak eta sentsazio onak pilatzen joatea. Hala, Gorka Argulek zuzendutako taldeak bide honetan hasi du denboraldia: bi jardunaldi, bi garaipen. Bigarrena etxean eskuratu zuen atzo eguerdian [irailak 28], Valencia Rugby Club taldearen aurkako partiduan 34-16 nagusituz.
Azken emaitzak aditzera eman dezakeenaren kontra, partiduan “nahiko txarto” sartu ziren gernika-lumotarrak, eta lehen ordu laurdenean deseroso sentitu ziren berdegunean, ez baitziren ezarri gura zuten jokoa ezartzeko gai izan. Hala ere, Jaundre Nel hegoafrikarraren entseguagaz nahiko azkar aurrea hartu zuten markagailuan. Basurdeei alde egiten utzi nahi ez, eta zigor ostikoagaz lehen hiru puntuak eskuratu zituzten valentziarrek, baina segituan, Eneko Gorostiza harrobiko jokalariak bigarren entsegu batekin erantzun zuen, markagailuan 14-3koa ezarriz.

Argazkia: Angel Grande
“Hasieran euren akatsak aprobetxatzeko gai izan gara, eta horrek markagailuan aurretik joatea ahalbidetu digu. Gero, lehen zatiak aurrera egin ahala, hiru laurdeneko lerrotik puntu asko atera ditugu”, adierazi zuen Peio Urrutia gernika-lumotarrak neurketa amaitzean. Aurrelariak ere “oso gogor” aritu ziren lehen berrogei minutuetan, baina uztartzeak Urbietako taldeak espero baino zailagoak izan ziren, eta horretik gogotik trebatzera behartu zituen: “Ez dugu horietatik puntuak gure alde ateratzea lortu”. Hala, atsedenaldira iristerako markagailauk 28 eta 6koa adierazten zuen.
Bigarren zatian “gogotsu” zelairatu ziren bi taldeak, baina minutuek aurrera egin ahala neurketa “arrarotuz” joan zen: Andoni Martin etxeko jokalariak joko zikinagatik txartel horia ikusi zuen, eta bi minutu beranduago, Valencia Rugbyko Petrus Johannes Van Stadenek ere hamar minutuz berdegunea utzi behar izan zuen. Valentziarrek aurrerapausoa eman eta basurdeak bost metroko lerroan sartuta egotera behartu zituen. Defentsa lanetan ere trebetasuna erakutsiz, erasoei eusteko gai izan ziren Argulenak: “Beste txartel hori bat atera digute (Tyran Fagan), eta bueno, hamar minutuak bost metroko lerroan eman dituzte, ahuldu egin dira eta ez dute punturik atera”. Garaipena Urbietan gelditu zen, 34-16: “Garratzitsuena garaipena eta bost puntuak lortu ditugula”.

Argazkia: Angel Grande
“Denboraldi oso luzea”.
Partida eta entrenamenduek aurrera egin ahala, taldea osatu eta indartuz doa Gernika Rugby Taldea. Taldeak “oso denboraldi luzea” du aurretik —Errege Kopa lehiatuko dute—, eta horregatik, “nahiz eta maila onenean ez egon” aurredenboraldian partidu bakarra jokatzea erabaki zuten. “Pausoak ematen gabiltzala ikusten da, taldea garela eta hobetzen gabiltzala; batez ere taktikoki akats gutxiago egiten ditugu. Bitik, bi eta hamar puntutik bederatzi eskuratu ditugu, eta oso pozik”. Bi jardunaldiren ostean, bederatzi puntugaz Ohorezko Elite Mailako liderra da talde gernika-lumotarra, Hernani CRE (8 puntu) eta Las Rozas Rugbyren (6 puntu) aurretik.
Denboraldiko hirugarren jardunaldia ere etxean jokatuko dute basurdeek, zapatuan [urriak 4], Complutense Cisneros Zeta aurka. Talde madrildarra bi porrot jaso ostean puntuen kutxatilategia estreinatu nahian iritsiko da Urbietara. Hitzordua 16:30ean izango bada ere, errugbiak goizetik hartuko du Urbieta. Gernika Rubby Taldeako bigarren taldeak 12:30ean Ordiziaren aurkako euskal derbia jokatuko du: “23 urte azpiko taldeak jokatzen du aurretik, eta giro ederra egotea espero dugu. Ea hirugarren garaipena lortzen dugun”.