Gaztelu Maitea Jatetxea
Urdaibairen bihotzean gordeta eta historia darion kokaleku berezian, Gaztelu Maitea Jatetxeak errezeta tradizionalak itxura gaurkotuagaz eskaintzen ditu.
Tratu hurbil eta epela, lasaitasuna, naturaren eta historiaren arteko hartu-emana eta goreneko kalitatea bilatzen duten bezeroentzat doi-doi eginiko tokia da Gautegiz Arteagako gaztelua, eta bertan kokatzen diren Gaztelu Maitea Jatetxea nahiz Castillo de Arteaga hotela.
Gaztelu Maitea Jatetxearen ikur nagusia perfekzioaren etengabeko bilaketa da. Bilaketa horren ardatz nagusienetako bat da tokiko eta sasoian sasoiko produktuak erabiltzea. Tradiziotik abiatzen da beraien eskaintza, baina oso gaurkotuak eta desberdinak diren ukituak ahaztu barik. Hurbileko produktuak baliatzen dituzte, urteko aldi bakoitzak ematen duena baliatuz eta produktuarekiko errespetu osoz.

Sua, txingarra eta parrilla dira Gaztelu Maitea Jatetxearen oinarria. Maisuak dira denetariko produktuei beraien parrilla ikur propioa ematen, izan arraina, okela, itsaskiak, barazkiak edo bestelako jakiak.
Sukaldeko lantaldeak ez ezik, jantokiko kideek erabateko arreta ipintzen diote bezeroak ahaztu ezin izango duen esperientzia bizitzeari. Gaztelu Maitea Jatetxea tokirik aproposena da bakarrik, talde txikietan edota talde handietan puntako gastronomiaz gozatzeko asmoa dutenak asebetetzeko. Helburua argi eta garbia da: bezeroa erdigunean ipintzea, sua eta tokiko produktua uztartzen dituen eskaintza gastronomikoaz eta ahaztu ezinezko bidaia sentsorialaz bete-betean gozatu dezan.
gaztelubide kalea, 7 · gautegiz arteaga
94-624 00 12
instagram: @hotelcastilloarteaga
FACEBOOK: hotel castillo arteaga

Bieira ketua, marinatutako azalore kremarekin, almendrekin eta berakatz beltzarekin
Gaztelu Maitea Jatetxearen menu zabal eta koloretsuaren laginetako bat da bieira ketua, marinatutako azalore kremarekin, almendrekin eta berakatz beltzarekin prestatzen dutena, otarrainxkez lagunduta.
Osagaiak:
- Bieira
- Azalorea
- Berakatz beltza
- Eztia
- Esnea
- Kuia
- Kuiatxo tirak
- Otarrainxkak
- Gurina
- Tipuleta
- Tipulina
- Lore jangarriak
- Olioa
- Almendrak
- Gatza
Pausoz pauso, Estibaliz Mekolalde sukaldariaren errezeta
Azalore, kuia eta berakatz beltz eta eztidun kremak prestatzea da lehenengo pausoa. Lehena prestatzeko, azalorea fin ebaki behar da, gurinagaz erregosteko eta esneagaz emultsionatzeko; almendra apur bat ere gehitzen diote. Kuia krema egiteko, tipulina eta tipuleta juliana erara fin ebaki behar dira, eta su txikian erregosi, gatzez onduta. Kuia garbitu eta zatitu egin behar da, ondoren labean 150 gradutara sartzeko, ondo eginda dagoela ikusi arte. Gero, tipuletagaz eta tipulinagaz nahastu behar da, eta guztiagaz krema bat egin.
Berakatz beltza eta eztia dituen azken krema egiteko, maionesa bat prestatu behar da, oso intentsoa ez den olio bategaz. Maionesa horri berakatz beltz apur eta ezti apur bat gehitu behar zaizkio, eta guztia emultsionatu.
Bieirak eta otarraixkak, gatzez ondu eta gero, zartaginean markatzen dituzte, eta, ondoren, labean pare bat minutuz errematatu. Labetik pasatu barik ere egin daiteke, zartagineko beroagaz nahikoa baita. Beroa eta txingarra, hain zuzen, Gaztelu Maitea Jatetxearen nortasun ikur esanguratsuenetako bat da.
Aurkezpena
Platereratzean, plater biribilean triangelu itxura osatzen dute hiru bieirek, eta otarrainxkak erdigunean ipintzen dituzte. Bieira bakoitzaren azpian azalore kremaren koilarakada bat jartzen dute; bieira artean, kuia eta berakatz beltz krema pitin bat. Platera kuiatxo tirekin eta lore jangarrien petaloekin apaintzen dute. Mahairatu orduko, konposizio guztia kristalezko kanpai batekin keztatu egiten dute.