Ekaitz Iturbe: "Guk egindakoa da saltzen dugun guztia, kanpotik ez dator ezer"
Iturbe Anaiak ez dira soilik harakinak. Arrietako ekoizle familia dira, abereak modu jasangarrian zaintzen dituztenak, eta egunero euren bi harategietan kalitatezko haragia eskaintzen dutenak. Haien lana ez da industriala, ez da “makroa”. Gertukoa da.
Bego Iturbe, Fermin Iturbe eta Ekaitz Iturbe, Itube Anaiak harategiaren aurrean. Baserritik Gernikara Blonda arrazako behien ustiategia dute Iturbe anaiek Arrieta udalerriko Makuleta auzoan, eta, haragi-ekoizpen hori, gero, Gernikako bi harategitan saltzen dute, dena familian kudeatuta. Bere aitak eta anaiek abiatutako proiektuaren parte da Ekaitz Iturbe, eta horrelako tokiko proiektuak babesteak duen garrantzia azpimarratu du.
Kilometro zeroko produktuak eskaintzen dituzue Iturbe Anaiak harategietan, ezta?
Haragia da gure produktu nagusia. Blonda arrazako behien ganadutegia dugu, eta horietatik datorren produktua eskaintzen dugu, denak bertokoa. Gainera, animaliei ematen diegun pentsua ere guk egiten dugu, gure produktuekin. Izan ere, animaliek pentsu ona jateko gure formula propioa daukagu, eta eragina dauka horrek, ze jendeari gustatzen zaio eskaintzen dugun haragia. Hori da gure produktu nagusia, baina txerriak ere ekartzen ditugu ganadutegira, txorizoak edota odolkiak egiteko; horiek ere, denak dira bertoko baserri bueltakoak. Horrez gain, txorizoak egiteko piper txorizeroa edota odolkiak egiteko porrua, kipula… bertoko baserritarrenak dira.
Horrek kalitatea bermatzen du.
Harategietan saltzen dugun guztia guk egindakoa da, kanpotik ez dator ezer. Horrek kalitatea ematen dio produktuari, badakigulako zer jaten duten gure behiek, nola hazten diren.
Non lor daitezke produktuak?
Gernika-Lumoko Urkieta kalean gaukagu harategia, eta Merkatu plazan ere egoten gara. Plazara, gehienbat, astelehenetan hurbiltzen da jendea, baita bariku eta zapatuetan ere. Harategira, berriz, aste guztian datoz. Hala ere, produktuak Arrietan ekoizten ditugu, bertan daukagu baserria, haztegia… dena.
Noiz jaio zen Iturbe Anaiak?
Izango dira 40 urte inguru aitak eta haren anaiek proiektua martxan jarri zutenetik. Eta nik eurekin jarraitzea erabaki dut. Euretako bik ganadutegian egiten dute lan, eta beste biak harategian egoten dira. Hala ere, denetarik egiten dute. Izan ere, animaliekin egunero lan egin behar da, egunero eman behar zaie jaten. Lauren artean aurrera eroaten dute dena, eta ni ere enpresan sartu nintzen. Hala ere, amak, izebak… familia guztiaren artean aurrera eroaten dugu dena.
Harategietan eskaintzen duzue proiektua, baina Baserritik Gernikaran ere bai. Bertoko ekoizleen sare baten parte izatea erabaki duzue, ezta?
Sare baten parte izateko sartu ginen bertan, eta, Allende Salazarrera produktuak eramaten hasi ginen. Ideia bikaina iruditu zitzaigun bertoko ikasleek eta herritarrek bertoko produktuak jateko aukera izan dezaten, baita gu sare baten parte izateko aukera izatea ere. Izan ere, pandemian, Baserritik Gernikara sortzea erabaki zuten, denok etxean egon behar genuelako, eta bertokoa kontsumitzeko beste aukera bat eskaintzeko. Hala, guk lote desberdinak egiten ditugu proiektuarentzat, eta eurak arduratzen dira etxeetara eroateaz. Baserritik Gernikara proiektu oso ona da, oso baliagarria, eta jendea gustura dago. Guri gure produktuak zabaltzeko balio izan digu ere bai; baina Urdaibaiko denetariko produktuak lortzeko ere balio du, denetarik baitago. Denon artean eraiki dugun proiektu oso ona da. Allende Salazarreko proiektuaren bitartez, gainera, San Fidel Ikastolarekin lanean hasi ginen. Baina, horiez gain, Bilbon ere bagabiltza tutoretzapeko zenbait pisutara gure produktuak eroaten.
Eta, zein profiletako herritarrek kontsumitzen dute zuenean? Tokikoa erosteko ohitura badago?
Gurean, kontsumitzen dute, bai. Garai batean, harategietara jende nagusia bakarrik bertaratzen zen, baina azken urteetan jende gero eta gazteagoa datorrela nabaritzen dugu. Gazteek nahiago izaten dute, askotan, prestatutako produktuak erosi, baina azken urteetan ikuspuntua aldatu dela nabaritzen dut. Jende gazte asko hurbildu da aspaldian.
Bertokoa kontsumitzeko kontzientzia gero eta gehiago dago?
Bai, bertokoa eta freskoa kontsumitzekoa. Txikia mantendu behar da, bertoko produktua denda txikietan erosi behar da. Gernika bueltan, jendeak badaki denda txikiei lagundu behar zaiela, eta egiten dute, bestela galdu egingo baitira. Supermerkatu handiek kalte egiten digute, baina duela hiruzpalau urtetik edo, gero eta gazte gehiagok kontsumitzen du bertokoa, edo hori uste dut behintzat.
Eta, hori da, azken finean, zuek bermatzen duzuena: herria bizirik mantentzea. Hori zaindu behar da.
Bai, baina ez da lehenengo sektorea bakarrik babestu behar, dena zaindu behar da. Egia da lehen sektorean gero eta gutxiago garela, ez dagoelako ganadutegi askorik. Nik familiako proiektuagaz jarraitzeko pausoa eman nuen, etxean hori ezagutu dudalako, baina ez da lan erraza. Ea, laguntza batzuen bitartez, jendea animatzen den horrelako proiektuetan sartzera. Garrantzitsua litzateke hori, bestela galdu egingo baitugu bertokoa.