Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 'Patient Advocacy' proiektua garatu du
Minbiziaren aurkako elkarteak 'Patient Advocacy' proiektu aintzindaria garatu du Minbiziaren Ikerketaren Munduko egunaren baitan, eta horri ezagutarazteko, eta herritarrak minbiziaren ikerketari buruz kontzientziatzeko helburuz, kale ekintza desberdinak egiten ari dira; besteak beste, Bermeoko Lameran izan dira gaur.
Herritarrak minbiziaren ikerketari buruz kontzientziatzeko kale ekintza egin dute Bermeon. Minbiziaren Ikerketaren Munduko eguna izan zen eguaztenean (irailak 24), eta hori oinarritzat izanik, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Patient Advocacy proiektu aitzindaria garatu du, paziente eta senideen ahotsa minbiziaren ikerketan txertatzeko asmoz. Gainera, hori ezagutaraztera emateko, eta bide batez, herritarrak minbiziaren ikerketari buruz kontzientziatzeko eta arlo honetan aktibatzeko xedepean, Bizkaiko Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu irailean, Minbiziaren ikerketak bizitza gehiago sortzen du lelopean; besteak beste, Bermeon egon dira gaur (irailak 26), 12:00etatik aurrera, Lameran. “Zuretzat, zeintzuk dira minbiziaren ikerketaren ondorioak?” bezalako galderak airera bota dituzte Bermeon, eta herritarrak horri buruz hausnartzeko espazio bat sortu dute Minbiziaren Aurkako elkarteko Bermeoko boluntarioek.
Irailaren 24aren baitan aurkeztu zuten proiektuak helburu argi bat dakar berarekin: minbizia duten pertsonen beharrizan klinikoen ikuspegi benetakoagoa eta hurbilagoa ematea. Horrez gain, ikerketaren barruan erabakiak hartzeko orduan pazienteek eragile gako gisa duten zeregina indartzen duela ziurtatu dute elkartekideak, eta, aldi berean, “beren beharrizanetara egokitutako irtenbide medikoak” sortzen bidelagun izan daitezkeela uste dute.
Hala nola, azaldu dute, ikerketa onkologikoaren erdigunean minbizia duen pertsona jartzean, bere ahotsa minbizia ikertzeko proiektuen ebaluazio-prozesuetan txertatzen dela, “horrela ikertzaileek bere iritzi eta gomendioak entzun ditzaten”. “Minbizia duen pertsona lehenesten duen ikerketak ondorio zuzena du osasun publikoan”, gaineratu du Bizkaiko Minbiziaren Aurkako elkarteak. Ze, zehaztu dutenez, horrek eragina du tratamenduak, osasun-politikak eta prebentzio-estrategiak diseinatzerako orduan. Bide batez, gainera, “ikerketa mediku inklusiboago eta lankideago baterako joera globalari” erantzuten diola ere esan dute.
Datuen arabera, pazientea erdigunea jartzen duen ikerketarekin jarraituz, 2023ean %70eko biziraupena gainditzea eta pertsonen bizi-kalitatean “benetako eragina” sortzea lortuko da.