Zalantzentzako tarte barik: Lointek Gernika Bizkaia, C multzora
Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Womenen multzokako fasera sailkapena lortu du, PAS Giannina talde greziarra 94 eta 62 irabazita. Gernika-lumotarrak txapelketaren C multzoan ariko da. Asteburuan, gernika-lumotarrek Euskal Kopa jokatuko dute.
Argazkia: Gernika KESB. Lointek Gernika Bizkaiak bere hautagaitza berretsi du, zalantzei inongo pitzadurarik utzi gabe. Malosteko zaleen aurrean garaipen esanguratsua erdietsi zuten atzo [irailak 24], PAS Gianninaren aurka. 94 eta 62ko markagailuagaz gailenduta, jomuga bikoitza lortu zuten granateek: alde batetik, denboraldiaurrean egindako beharrak, lantaldean lesioengatik hutsuneak izanik ere, fruituak emango dituela frogatzea; bestetik, Eurocup Women txapelketaren multzokako fasera sailkatzea. Hain zuzen ere, gernika-lumotarrak lehiaketaren C multzoan ariko dira, Universitas Pecs, Unioao Sportiva Azores eta Elitzur Ramla taldeekin batera.
Azken talde hori, hain zuzen, emakumezkoen FIBA lehiaketak jokatzen ari den israeldar talde bakarra da. Atzoko neurketan, Gernika KESBeko presidentea, Gerardo Candina gernika-lumotarra, talde horren aurka jokatzeari uko egitearen alde agertu zen, iritzi hori “alde pertsonaletik” bakarrik plazaratu arren: “Genozidioaren aurka nagoen heinean, ez nuke talde horren kontra jokatuko. Dena dela, erabaki hori klubaren zuzendaritza taldeak hartu beharko du; auzi horren ardura nagusia FIBArena da”.
Gerardo Candina: “Nik ez nuke talde Elitzur Ramlaren aurka jokatuko. Dena dela, erabaki hori klubaren zuzendaritza taldeak hartu beharko du; auzi horren ardura nagusia FIBArena da”
Ramlako taldeak bere aurkariei partiduak Israeldik kanpo jokatzea proposatu die, eta halaxe egingo du Hungariako zein Portugalgo arerioen aurkakoetan. Gernikaren eta Elitzur Ramlaren arteko lehen neurketa urriaren 23rako aurreikusita dago eta, gaur-gaurkoz, Israelen jokatu beharko lukete. Gernika KESBek oraindik ez du fitxarik mugitu, baina ez dirudi hara bidaia egingo dutenik, ezta Elitzur Ramla Eurocup Womenetik kanpo geratuko denik ere. Bada beste aukera bat ere: hala joaneko, nola itzuliko ligaxka partiduak Malosten jokatzea. Lointekek hitzordu horiek jokatzeari muzin egiteak, momentuz, ez dirudi mahai gainean dagoen aukera bat denik, klub gernika-lumotarrak zigor handiak jaso ahalko lituzkeelako. Edozelan ere, oraindik ez dago inongo erabakirik hartuta.
Lehen partidua Malosten.
Joaneko partiduan kantxaraturiko sentsazio onak eta joko eraginkorra berresteko asmoa argi eta garbiagaz abiatu zuten aurretiazko kanporaketaren itzuliko neurketa Lucas Fernandezen jokalariek. Tokiko defentsara mugatu ziren greziarrak, estu eta larri, baina Malosteraino iritsi ziren beraien 60 jarraitzaileen berotasunagaz. Lehen minutuetan, etxeko taldeak jokoaren dinamikak dominatu zituen, suertatu zitzaizkien egoerak kontrolpean mantenduz. Erabateko eraginkortasunez, Esther Castedoren hiruko jaurtiketak markagailua hamar puntutik gorako aldera eroan zuen, eta estreinako laurdena 23 eta 12koagaz amaitu zuten.
Joaneko norgehiagokan egin zuen modura, Fernandezek eskuragarri zituen jokalarien arteko errotazioa egin zuen, bakoitzaren karga fisikoa doitzeko eta guztiei lehiaketa minutuak emateko. Hain zuzen, 23 urtez azpikoen 3x3ko Munduko Txapelketatik itzuliberri zegoen Sarah Polleros ere ekuazioan sartu zuen; lan handia egin zuen bai kanpoaldeko jokoari, bai erreboteari zegokionez. Joy Adamsek ere europar txapelketan minutuak jokatu zituen. Aldaketek beren bidea egin zuten, eta aldeek gora egin zuten. 46 eta 35ekoagaz, etxekoek hutsartea eskatu zuten, eta ondoren 51 eta 35ekoagaz joan ziren atsedenaldira. Partiduaren aginteak ez zegoen inondik inora arriskupean.

Argazkia: Gernika KESB.
Hirugarren laurdenak ere ez zuen gorabehera esanguratsuegirik eduki. Etxekoek lehiaketa ofizialean zenbait formula berri probatu zituzten, hurrengo hitzorduei eta bereziki urriaren 4an hasiko duten Emakumezkoen Endesa Ligari begira. Ane Iturrioz harrobiko galdakoztar gazteak hiruko saskiratzea lortu zuen, eta markagailuko aldeak hogei puntutik gora egin zuen: 70 eta 47. Laugarren eta azken laurdena garaipenaren bermeekin nahiz lasaitasun osoz hartu zuten gernika-lumotarrek. Fernandezek jokalari guztien artean minutuak ahal bezainbeste banatzeko asmo argi eta garbia plazaratu zuen, nekearen kudeaketari eta prestakuntza prozesuan aurrera egiteari begira. Azkenean, Malosteko markagailuak 94 eta 62koa erakutsi zuen. Garaipen erosoa baina garrantzitsua etxekoentzat, C multzoko atea bete-betean zabaldu diena.
Ane Olaeta: “Jokalariez gain, lantalde teknikoak ez du aurkariari buruzko informazio larregirik eduki; alde horretatik, lan handia egin dute, guri laguntzeko”
Azken txirrinak berritan, Ane Olaeta jokalari gernika-lumotarrak talde guztiak eginiko “lan aparta” nabarmendu zuen: “Jokalariez gain, lantalde teknikoak ez du aurkariari buruzko informazio larregirik eduki; alde horretatik, lan handia egin dute, guri laguntzeko. Joanekoan ondo bideratu genuen kanporaketa, eta itzulikoan errazago lortu dugu garaipena, partiduaren lehen txanpan PAS Giannina sendo agertu den arren”.
Lucas Fernandez: “Hutsegiteak eduki ditugu, baina garrantzitsua da horiek detektatzen jakitea, konpondu ditzagun”
Fernandezek garaipenak suposatzen duen “konfirmazioa” azpimarratu zuen. Min hartutako jokalarien hutsuneak gorabehera, talde “lehiakorra” direla frogatzen saiatu dira: “Polleros edota Adams moduko jokalariek konpetizioan minutuak behar dituzte, beraien mailak are gehiago gora egin dezan; hutsegiteak eduki ditugu, baina garrantzitsua da horiek detektatzen jakitea, konpondu ditzagun”. Aldeko markagailuak taldelanerako aukera eman ziela azaldu du entrenatzaileak: “Aldaketak eta formatu berriak lehia egoera errealetan probatu ahal izan ditugu; gainera, jokalariek elkar ezagutzen segitzeko ere balio izan du”.

Argazkia: Gernika KESB.
Lehia ez da gelditzen.
Gernikak ez du atsedenerako tarte luzerik edukiko, asteburua ere partiduz josia baitauka. Bihartik [irailak 26] domekara [irailak 28] bitartean, Euskal Kopa jokatuko dute Malostekoek, Durangoko Landakon. Bihar, 19:00retan hasita, IDK Euskotren taldea edukiko dute aurrez aurre; domekan, 12:00etatik aurrera, Araskiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Fernandezek argitu du Euskal Kopa puntu fisikoa “doitzen” jarraitzeko agertoki apropos askoa dela, taldeari “asko gustatzen zaiona”.
Astebeteko epean hiru partidu lehiatzeak entrenatzailea “errotazioak egitera” behartu du: “Inportantea da jokalari bakoitzaren lan kargak kontrolatzen saiatzea eta neurketen artean atseden hartzea”. Bariku goizean egingo dituzte astebururako azken prestakuntzak, IDK “momentu onean” iritsiko den jakitun: “Ez dizkigute gauzak erraz utziko, denboraldiaurrean lan handia egin baitute; edozelan ere, guk helburu espezifikoak prestatu behar izan ditugu denboraldia hasi orduko eta, beraz, maila handian ailegatuko gara Euskal Kopara”.