Sabino Astigarragari omenaldia egin diote
Musutruk Mundaka elkarteak Sabino Astigarraga arraun entrenatzaile mundakarra omendu du, bere kirol "ibilbide arrakastatsuagatik".
Musutruk Mundaka kultur elkarteak Sabino Astigarraga mundakarrari omenaldia egin dio, arraun arloan edukitako “ibilbide arrakastatsuagatik”. Elkarteko lehendakariak, Arantza Gondrak, mundakar entrenatzaileari elkartearen elastikoa eman dio opari, urtez urte kirol esparruan egin duen “lan gogorraren aitortza” modura. Eskertza ekitaldia kirolaren balioei buruzko berbaldi “bizi bategaz” biribildu dute.
Astigarragak ibilbide luzea egin du arraun entrenatzaile modura. Hain zuzen ere, aurten Eusko Label Ligara igoera lortu duen Santurtziren atzean egon da mundakarra; hura izan da sotera-k maila igoera lortzearen erantzule nagusienetako bat. Horrez gain, lan handia egindakoa da Mundaka, Kaiku edota Bermeo-Urdaibai moduko taldeekin. Santurtziko klubak ere “eskerrik beroenak” eman dizkio entrenatzaileari, taldearen mesedetan “hainbeste behar” egitearren.

Argazkia: Musutruk Mundaka.