Nekazari eta Eskulangileen azoka, tradizioari eutsiz
Domekan [irailak 28] izango da azoka, Galtzadako aparkalekuan. Goiza girotzeko dantzak, musikariak eta herri kirola uztartzen dituen egitaraua prestatu dute.
Tradizioari eutsiz, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Nekazal eta Artisau Azoka hartuko du Galtzadako aparkalekuak, domekan. Urtez urte bezala, eskulangintzako produktuen erakusketa eta salmenta nagusituko direla adierazi dute udal ordezkariek, «bereziki bertoko eta inguruko ekoizleei garrantzia emanez».
Hala, goizetik hasi eta eguerdira arteko egitaraua prestatu du Muxikako Udalak domekarako, eguna eta azoka girotzeko helburuagaz,.
Goizean goiz ekingo diote azokari. Izan ere, 09:00ak alderako prestatuko dituzte posturak, eta 15:00etara bitartean eskaintza zabala egongo da. Gainera, aurreratu dute «iazko postu kopuruari» eutsi diotela aurten. Hain zuzen ere, herriko eta inguruko baserritarren eta ekoizleen hamazortzi postu eta artisauen hogeita zazpi postu egongo dira azoka eremu betez. Era berean, «aurreko urteetako arrakasta ikusita», aurten ere taloak saltzen arituko direla jakinarazi dute.
Halaber, beste behin ere, dantza eta herri kirol saioak prestatu dituzte, azoka eremua girotzeko: udalerriko Basotxoritxu Dantza Taldearen emanaldiarekin hasiko dute eguna, beste behin, eta AIKOPEKO erromeriarekin eta bertsolariekin jarraituko dute. Berritasun gisa, aurten, «herriguneko taberna inguruetatik» ere ibiliko dira musikariak eta dantzariak.
12:30ean, berriz, «punta puntako kirolariek» erakustaldia eskainiko dute. Aizkora erakustaldian, Ugaitz Mugertza (2024 Duatloi Txapelduna) eta Iker Vicente (Euskal Herriko Txapelduna) arituko dira, beste urte batez, eta harri-jasotzean, berriz, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Inaxio Perurena. Nabarmendu dute Perurenaren azken erakustaldia izango dela domekakoa. Emakumeen kirolari ikusgarritasuna emateko helburuz, harri jasotzaile horiez gain, Txertudi Bizkaiko eta EAE-ko txapelduna arituko da ingudeagaz.
Beste hitzordu bat. Antolakuntzatik «giro ona» espero dute, «urtez urte bezalakoa». Eta nola ez, domekan azokara hurbiltzeko deia zabaldu diete bertako zein inguruko bizilagunei, «gozamena ziurtatuta» egongo baita. Bide batez, urriaren 18an egingo duten Bigarren Eskuko Azoka ere azpimarratu dute, «herritarrek etxean dituzten objektuei bigarren bizitza bat emateko» helburuz antolatzen dutena. Horri ere ikusgarritasuna eman nahi diote udal ordezkariek, eta beraz, data hori ere egutegietan gordetzeko eskatu dute.