Gastronomiak, musikak eta moda jasangarriak topo egingo dute
BBK Klima tokiko gastronomiak, eskualdeko txakolinak eta zuzeneko musikak moda jasangarriarekin topo egiten duten espazio bihurtuko da zapatuan.
Zapatuan BBK Kliman hitzordua izango da tokiko gastronomia, eskualdeko txakolina, zuzeneko musika eta moda jasangarriarekin. Izan ere, inspiratzeko eta planetaren zaintzarekin konektatzeko topaketa bat antolatu du Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak, BBK Urdaibai Zentroarekin elkarlanean. Azaldu dutenez, topaketa Fashion Revolution nazioarteko mugimenduaren barruan kokatzen da.
Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko arduradunak zapatuko ekitaldiaren nondik norakoak azaldu ditu, halaber: “Urdaibai ingurune pribilegiatua da jasangarritasunari buruzko mezu global bat zabaltzeko. Moda eta gastronomia planetaren defentsan aliatuak izan daitezke, eta ekitaldi honek hori erakusten du”.
Urdaibaiko gastronomia dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, besteak beste, antolatzaileen hitzetan. Ze, Urdaibaiko Esentziak elkartearen eskutik, 0km-ko tokiko produktuekin egindako pintxoak eta eskualdeko txakolina izango dira, batik bat, topaketaren protagonista. Jakinarazi dute, Itsasmendi (Gernika-Lumo), Berroja (Muxika) eta Talleri Berria (Moga) bezalako upategiak hartuko dutela parte horretan, eta horiek dastatzeko txartelak 2 eurotan erosi ahal izango direla.
Alegia, BBK Klimaren irismena zabaltzea izango du helburu topaketak, eta zelan ez, kultura, moda eta gastronomia lotuz, jendeari tokiko produktuez, moda desfile jasangarri batez, zuzeneko musikaz eta parkeko instalazio guztiez gozatzeko aukera ematea. Topaketarako sarrera doakoa dela zehaztu dute, eta online bidez erreserba egitea nahitaezkoa izango da, www.bbk.eus-en.
EGITARAUA
11:30 – Ekitaldiaren hasiera eta BBK Klimaren instalazioetara doan sartzea.
12:30 – Moda jasangarriaren desfilea (ROOTS OF A NEW DIMENSION),
diseinatzaile parte-hartzaileen bildumekin.
13:30 – 15:30 – Zuzeneko kontzertua giroa alaitzeko