Hasiera onak jarraipen ona behar du
Gernika Rugby Taldeak 21 eta 25 irabazi dio Ingenieros Industriales Las Rozasi Ohorezko Elite Mailaren lehen itzuliko estreinako norgehiagoka. Bigarrena Valencia RCren kontra jokatuko dute datorren domekan [irailak 28], 12:30ean, Urbietan.
Gernika Rugby Taldeak hanka onez abiatu du Ohorezko Elite Mailaren lehen itzulia. Iragan domekan [irailak 21], Ingenieros Industriales Las Rozas talde madrildarraren aurka neurtu zituzten indarrak basurdeek, eta denboraldiko estreinako azterketa nota onez gainditu zuten; 21 eta 25eko markagailuagaz nagusitu ziren bisitariak, urteko lehendabiziko garaipena eta konfiantza uriola eskuratuz. Konfiantza hori asteon berretsi beharko dute, Urbietan, etxeko jarraitzaileen berotasunean. Domekan [irailak 28], 12:30ean, Valencia RC hartuko dute, bigarren jardunaldian.
Las Rozaskoa, lehen istantetik, partidu “lehiatua eta gaitza” izan zen lehen itzulian kanpoan jokatuko dituzten lauretatik lehena. Industriales “aspaldiko ezaguna” dela azaldu dute, eta lehen unetik “sufritzea” egokitu zitzaiela. El Cantizal belar sintetikodun berdegune artifiziala “beren kontra” izan zuten gernika-lumotarrek. Lehen minutuetan 0 eta 6 aurreratu ziren etxekoak, eta basurdeei “dinamiketan sartzea” kostatu zitzaien. Denborak aurrera egin ahala, baina, madrildarrek zenbait akats egin zituzten, eta haien eskutik etorri ziren Gernika RTren lehen puntuak. Jokoaren fase estatikoetan trebe agertu ziren basurdeak, eta hark lehen bi entseguak eman zizkien. Lehen zatiaren amaieran, 9 eta 17 aurrea hartzea lortu zuten bisitariek.
Ingenierosek bigarren zatiaren azken txanpan partiduak iraultzeko duen abilezia probestu zuen, baina gernika-lumotarrek errentari eutsi zioten
Bigarren zatia hasi bezain pronto, jokoak noranzko “oso fisikoa” hartu zuela argitu dute, eta bi taldeetako batek ere ez zuen lortu punturik egiterik. Partidua, beraz, bigarren zatiaren azken txanpan erabaki zen. Testuinguru hartan, gernika-lumotarrek ez zuten ahaztu madrildarren bertatuterik azpimarragarriena zein den: “Ingenieros partiduei azken momentuan buelta emateko lanetan espezialista da; sarritan ikusi izan ditugu markagailuak azken minutuan iraultzen”. Hain zuzen, 78. minutuan entsegua egin zuten madrildarrek, eta basurdeak beren defentsa eremuan gotortzera behartu zituzten. Edozelan ere, 18 eta 22koagaz zihoazela, lortu zuten puntu gehiagorik ez egitea, eta, ordurako lorturiko errentari eutsiz, 21 eta 25 nagusitu ziren.
Partidurik distiratsuena “jokatu ez arren”, lehen neurketa etxetik kanpo irabaztea “moralarentzako oso garrantzitsua” da basurdeentzat: “Egindako lan gogorrak fruituak eman dituela frogatzen du, baita denboraldiaurreko beharra ona izan dela. Edozelan ere, joko aldetik diziplina gehiago behar dugula igarri dugu: hainbeste kolpe ez egitea, joko estatikoa are gehiago hobetzea, baloiaren jabetza handiago edukitzea”.
Valentziarren fitxaketak talde dinamikan “guztiz egonkortuta” ez egotea “beren alde” baliatu beharko dute basurdeek
Bigarren ‘round’-a.
Lehen jardunaldia zaila izan bazen, bigarrena ere “pare-parekoa” izango da. Gernika RTko lantaldeak aditzera eman du aurtengo Valencia RC “ez dela iazkoaren parekoa“: “Ohorezko Mailan jokatzen egon diren hainbat jokalari gehitu dituzte taldera, eta bloke boteretsua eta oso lehiakorra osatu dute. Alde batetik, horrek talderik sendoenaren pare kokatzen ditu; baina, bestetik, baliteke fitxaketa horiek guztiak oraindik talde dinamiketan guztiz barneratuta ez egotea. Beste berba batez: izan liteke beraien taldearen jokoa oraindik zeharo egonkortuta ez izatea, eta hori geure alde baliatu beharko dugu”.
Beren alde izango dutena Urbietaren babesa da. Etxean jokatuko dituzten bost hitzorduetan, etxeko jarraitzaileen babesagaz, Urbieta “gotorleku” bihurtu behar dutela azaldu dute: “Neurketa guztietan garaipena lortzeko asmoz zelairatu behar gara, baina etxekoetan ezin dugu inongo hutsik egin. Kanpoan jokatutako lehen partidua irabazita, urrats handia egin dugu, baina erritmo hori ezin da eten; asko dago hobetzeko, baina bide onetik goaz”.