Gaztetxeen aldeko aldarriak, gazte eguneko protagonista
Egurre Gazte Asanbladak antolatutako gazte egunean batu ziren zapatuan [irailak 20] Gernika-Lumon. Helburua "asanblada egonkortzea" dela eta, barikuetan 18:00etan gaztetxera hurbildu eta asanbladetan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Argazkia: Egurre Gazte Asanblada
Egurre Gazte Asanbladak Gernikako Gazte Eguna antolatzeko ardura hartu du beste urte batez, eta egun batzuk igarota, zapaturako [irailak 20] prestatu zuten egun guztiko egitarauak utzitakoaren lehen balorazio “oso positiboa” egin dute, lehenengoz egitarauaren zati bat gaztetxera eraman ahal izan dutelako: “Bazkarian 250 pertsona inguru elkartu ginen eta gaueko kontzertuetan ere gaztetxea bete genuen. Inoiz baino jende gehiago hurbildu zen kontzertuetara”.
Gazte eguna “jai egun bat baino gehiago” dela azpimarratu gura izan dute gazte asanbladakoek, zapatukoa bezalako hitzorduek “Gernikako pila bat jende” batzeko aukera ematen dutelako: “Giro osasuntsua nagusitu zen, eta gainera, euskarazko musika entzuteko aukera izan genuen”. Asanbladako kideek eguna gaztetxeen aldeko aldarriak zabaltzeko baliatu zuten: “Lehenengoa urtea da gaztetxea duguna, eta aurrerantzean ere mantendu egin nahi dugunez, garrantzitsua iruditzen zaigun gaztetxeen aldeko borrokara batzeko deia zabaltzea gazteen artean”. Horrez gain, asanbladatik urteetan zehar lantzen ari diren beste auzi batzuetara batzeko deia ere luzatu zuten, hala nola, Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra edo euskararen erabileraren beherarakada: “Gernika eta inguruko gazteok zeresana dugula zabaltzen saiatu ginen, nahiz eta foku nagusia gaztetxeen egitekoan eta gaztetxeen aurka ematen ari diren erasoaldian jarri”.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada
Goizetik goizalderarteko egitaraua herri apainketagaz hasi zuten gazteek, eguerdi aldera ginkanan batu aurretik. 14:30ak aldera Pasealekuko arkupean batu ziren 250 lagun inguru, eta bazkalostean aprobetxatu zuten Egurrekoek beraien aldarriak zabaltzeko: “Asanbladatik aurrerantzerako gaztetxe barrurako zein gaztetxetik kanporako beste hainbat proposamen ditugu, borroka ezberdinak aurrera eramateko. Horregatik, asanbladara batzeko deia egin genuen”. Iluntzean karropoteoan bildu ostean, 21:00etan gaztetxera bertaratu ziren gazteak, Inguma, Jipoituak, Istilu, Kaparrak eta Dj I am Gizen kontzertuetara: “Talde batzuk gipuzkoarrak zirenez hiru autobus etorri ziren Gernika kanpotik. Uste dugu horrek aukera ematen duela ikusteko herri baten gaztetxea egoteak ez duela esan nahi herri horretakoak bakarrik batu edo mobilizatu behar direnik. Euskal Herrian sare bat dago, eta guk sarri esaten dugu defentsa komunitate horren parte garela, eta ez bakarrik gaztetxea hartu genuenetik, aurretik ere gazteentzat gaztetxeak beharrezkoak direla defendatzen baigenuen”. Hala ere, Gernikan hainbat tokitatik iritsitako jendea bildu izana “pozgarria” izan arren, bategite Gernikan gazteak mobilizatzeko aukerarik ez dagoela esan nahi ez duela defendatu dute.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada
Bat egiteko deia.
Gaztetxea hartu zutenetik asanblada “egonkor mantentzea” dute helburu, eta horretarako, barikuro 18:00etan asanblada irekietan batuko dira: “Asmoa proposamen ezberdinak batzea eta azkenaldian batu den jendea entzutea da, arduratzen dituen arazoak ezagutzeko”. Gainera, barikuro gaztetxea zabaltzen ahaleginduko direla azpimarratu dute, herriko eta inguruko herritarrek gaztetxea erabiltzeko eta harremantzeko aukera izateko: “Antolakuntzara batzeko deia egiten dugu, guzti hau ez zelako posible izango jendea ez balitz bakoitza bere erara babesa ematen hurbildu, bai ideiak botaz, bai gaztetxean egoten, bai egitarauetan parte hartzen. Plana gaztetxea irekita mantentzea da, eta ea azarotik aurrera gauza gehiago egin eta gaztetxea egonkortu ahal dugun”.