Busturialdeko Euskaltzaleak eta Artiako Gazte Asanblada TindEHEr proiektuan parte hartzen ari dira
Euskal Herriko 30 gazte talde baino gehiagogaz batera izena eman dute TindEHEr proiektuan, eta dagoeneko 'Matx' egin dute: Busturialdeko Euskaltzaleek Usurbileko Aztarrika taldearekin egin dute bat, eta Artiako Gazte Asanbladakoek, berriz, Berriozar eta Piztu Lezo taldeekin.
TindEHEr proiektuko "Matx"en aurkezpena. TindEHEr proiektua Busturialdeko Euskaltzaleek eta Artiako Gazte Asanbladako kideek TindEHEr proiektuan parte hartzea erabaki dute, Euskal Herriko 30 gazte talde baino gehiagogaz batera. Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak uztailean aurkeztu zuten elkarlanean garatutako proiektua, eta udan izena emateko aukera izan dute gazte taldeek. “Hasieratik, gazte taldeen artean harrera oso ona izan du egitasmoak, eta horren erakusgarria da 30 gaztetxe, gazte asanblada, gazte mugimendu eta bestelako gazte talde eraldatzaile baino gehiagok izena eman izana”, azaldu dute antolatzaileek.
Eta, behin izena emanda, orain, matx egiteko unera iritsi zaie gazte taldeei. Etxarri Aranatzen jakinarazi zituzten bikoteak, eta euren matx-arekin lehen hartu emana edukitzeko aukera izan zuten hainbatek. Hala, Busturialdeko Euskaltzaleek Usurbileko Aztarrika taldearekin egin dute bat, eta Artiako Gazte Asanbladakoek, berriz, Berriozar eta Piztu Lezo taldeekin.
Matxak osatzeko garaian, bi irizpide nagusi hartu zituzten kontutan: eremu soziolinguistikoa eta lurraldetasuna. “Hala, iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko loturak elikatzea eta euskarari dagokionez ingurune oso desberdinetako gazteak batzea izan da lehentasuna”, jakinarazi dute.
Matx eginda, orain, bigarren fase batean dago proiektua, zeinetan gazte taldeek hainbat ekitaldiren antolakuntzarako gidaritza hartuko duten. Izan ere, kontzientzia linguistikoa berpizteko eta lurralde desberdienen arteko harremanak sustatzeko beharretik abiatutako proiektua da TindEHEr. Ondorioz, urte amaierara bitartean, euren arteko harremanak sakondu eta elkarregaz osatu behar duten egitarau baten antolaketan murgilduko dira: “Euskaratik eta euskaraz, harreman eta bizipen berriak eraikitzen hasteko unea iritsi da!”.

TindEHEr proiektuko “Matx”en aurkezpena.TindEHEr proiektua