Zelaiondo egoitzako LAB sindikatuko delegatuaren kontrako jazarpen sindikala salatu dute
Atzo [irailak 18] elkarretaratzea deitu zuen LAB sindikatuak Busturiako Zelaiondo egoitzaren aurrean, LAB sindikatuko delegatua jasaten ari den jazarpen sindikala salatzeko.
Atzoko kontzentrazioa, Zelaiondo egoitzaren aurrean.LAB sindikatua LAB sindikatuak kontzentrazioa deitu zuen atzo [irailak 18], Zelaiondo egoitzaren aurrean. Azaldu zutenez, 2022ko maiatzean lehen aldiz antolatu eta irabazi zituzten Hauteskunde sindikalak, eta atzora arte LAB sindikatuko delegatuaren kontrako jazarpen sindikala “eguneroko ogia” izan da.
LABetik, bitartean, “helburu argia” izan du: “Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzea eta langileak bizi zuten explotazio egoera salatzea”. Adierazi dutenaren arabera, helburua lortu dute. Esan dute LABeko delegatua Zelaiondo egoitzan sartu zenetik Bizkaiko egoitzen hitzarmena aplikatzen hasi direla; “hamarnaka urte beranduago”, euren hitzetan. “Ekintza sindikalaren bitartez zein inspekziora hainbatetan joz, egoitzako langileen lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetu ditugu”, jakinarazi dute sindikatuko kideek.
Egoera horren azken pasartea, ordea, “negargarri” gisa definitu dute, ze, hilabete honetan LABeko delegatua eta LAB Sindikatua “erditik kendu” nahi izan dituzte, eta langileentzat lortu diren hobekuntza guztiak “atzera bota” ere bai.
Horretarako, LABeko delegatuaren kontrako errebokazio prozesua hasi dute. “Modu irregularrean egin dute, sindikatuko kideoi sarrera debekatuz eta prozesuaren parte izan gabe”, salatu dute. Hori guztia kontuan izanik, galdera bat bota zuen LAB sindikatuak airera: “Nor dago horren guztiorren atzean? Zein intentziorekin? Zein interesekin?”.
Jarrera argia.
Horren aurrean, jarrera argia erakutsi zuten atzo Busturian bildu zirenek: “Guk argi diogu: errebokazioari ez, langileen lan eta bizi baldintzen hobekuntzei atzerapausorik ez. Jazarpen sindikala eten!”. Eta, bide batez, delegatuari babesa helarazi zioten, Zurekin gaude aldarripean.