Urrian hasiko dira guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak
Astelehenean (irailak 22) hasi, eta urriaren 10 era bitartean eman daiteke izena guraso eta etorkinentzako ikastaroetan, Berhaz bulegoan zein AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan.
Bermeoko Udalak, beste behin, Euskara Sailaren bidez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ekimen horrekin, udalak, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu nahi du, euskara ez dakiten gurasoei erraztasunak emanez; bestetik, ordea, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zbaaldu nahi du. Aditzera eman dutenez, horietako baten interesa izanez gero, irailaren 22tik urriaren 10era bitartean eman daiteke izena, Berhaz bulegoan zein dagokion euskaltegian.
Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak argitu du, gainera, urrian hasiko diren ikastaroak ekainera arteko luzera izango dutela, eta talde desberdinentzat egokitutako metodologiak erabiliko dituztela. Hala nola, AEK izango da gurasoentzako eskolak eskainiko dituena, eta Gotzon Garitonaindia euskaltegiak, berriz, etorkinentzako ikastaroen ardura hartuko du bere gain.
AEKtik jakitera eman dutenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek edo maila baxua dutenek parte hartu ahal dute, “nagusiki adingabeko seme-alaben gurasoak”, esan dutenez. “Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko ditugu, ulermena garatzen eta berba egiten hasiko gara, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dugu”, azaldu dute. Astean birritan batuko direla gaineratu dute, egun bakoitzeko bi orduko saioak eginez. Matrikula 20 euro ordaindu behar dela ere zehaztu dute.
Gotzon Garitaonaindia eusktaltegiak, berriz, etorkinentzako euskara ikastaroak antolatzearen helburua argi utzi du: Etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, integrazio errazagoa izan dezaten. Kasu honetan, astero lau ordutan bilduko dira, egun bakoitzeko bi orduko saioak burutuz. Batik bat, “komunikatzeko oinarrizko gaitasuna” landuko dute horretan, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bidez. “Klaseak oso praktikoak izango dira, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez etorkinak gure kultura ezagutzea eta gure artean integrtzea bilatzen dugulako”, esan dute. Prezioarekiko, zehaztu dute ikastaroak 10 euro balio dituela, eta eskola materialak 17,50 euro.
Aipatutako ikastaroez gain, euskara ikasteko matrikulazio kanpainak ere martxan daudela gogorarazi dute. Ze, hiru zentro daude Bermeon euskara ikasteko; Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegia, eta hiruren helburua da berdina. Euskararen erabilera bultzatzea, eta horretan jendeari laguntzea. Hala da, 16 urtetik gorako herritarrentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” dutela batak zein besteek, helburua lortzeko “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” baliatuz.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan du “pozik” dagoela aurten ere guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskainiko direlako, “aukera polita” baita euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrez gain, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako kideei eskerrak emateko tartea ere hartu du, urte hauetan guztietan, etengabe egin duten lanagatik. Euskara ikasteko aukera asko daudela aipatuta, herritarrak animatu ditu informazioa eskatzera, eta bide batez, euskara ikastera.