Malostekoen monologoa Grezian
Lointek Gernika Bizkaiak 57 eta 90 irabazi dio PAS Gianninari, Eurocup Womeneko aurretiazko kanporaketaren joanekoan. Gernika-lumotarrak uneoro greziarren gainetik agertu dira kantxan.
Lointek Gernika Bizkaiak garaipen sendoa lortu zuen atzo [irailak 18] PAS Giannina talde greziarraren kontra, Eurocup Women txapelketarako aurretiazko kanporaketaren joaneko neurketan.Talde gernika-lumotarra lehen minutuetatik inongo pitzadurarik gabe kantxaratu zen, eta atoan lortu zuen hogei puntutik gorako errenta markagailuan.
Partidua orduko, hainbat zalantza ziren nagusi Gernikaren lerroetan: alde batetik, lantaldeak egun pairatzen dituen hutsuneak, lesioak tarteko; bestetik, aurkari greziarren jokoari buruzko informazio eza. Gianninak Tishara Morehousengan eta Tyia Singletonengan oinarritu zituen bere indarguneak, eta Lointeke beste hainbeste egin zuen, uztaiaren babesa Esther Matarranzen eta Masa Jankovicen esku lagaz, Emilly Bessoiren eta Joy Adamsen laguntzagaz. Hiru lerroan, Ane Olaetak bistaraturiko eraginkortasuna gako izan zen partiduaren lehen txanpan aldeak egieko; gernika-lumotarrak 8 eta 15ekoa lortu zuen lehenik, eta markagailua 8 eta 20ra eroan zuten ostean. Lehen laurdena itzuliko partidura erabakigarria izan daitekeen Singletonen min hartzeagaz eta 12 eta 26koagaz amaitu zen.
Malosteko taldeak, iazko denboraldian ez bezala, kanpoaldeko jokoan aurrerapauso handia eman duela frogatu zuen, hiruko jaurtiketak maisuki kudeatuz. Sei izan ziren lehen laurdenean saskiratu zituztenak, eta bost bigarrenean. Etxeko taldeak defenda lerroa ondo antolatu zuen, eta Singleton kantxara itzuli zen. Edozelan ere, ez zen nahikoa izan kanpotarren jokoa geldiarazteko, eta bigarren laurdena 29 eta 54koagaz biribildu zuten. Biko bederatzi saskiratzegaz eta hiruko beste 11gaz, partidua oso alde ipini zitzaion Lointeki.
Lucas Fernandez entrenatzaileak jokoaren egituran aldaketa eraginkorrak egin zituen, greziarren eraso erritmoa eten zutenak eta, funtsean, gernika-lumotarren aldeko puntu jarioa are gehiago hauspotu zutenak: 32 eta 71raino iritsi ziren, eta hirugarren laurdenaren amaieran, ostera, 41 eta 75eraino. Partiduak ezin zien ihes egin bisitariei.
Azken zatian, Fernandezek, gaur-gaurkoz eskura duen lantaldea mugatua den jakitun, rotazioak egin zituen taldean, eta harrobiko jokalari Ane Iturriozek debuta egin zuen Eurocup Womenen. Gogoratzeko moduko gaualdia izan zen galdakoztarrarentzat. 57 eta 90eko markagailuagaz biribildu zuen Gernikak aurretiazko kanporaketaren joanekoa, lanak ondo eginda eta segurtasun sentsazio handia kantxaratuta. Itzuliko neurketari dagokionez, hurrengo eguaztenean [irailak 24] jokatuko dute, 20:30ean hasita, Malosten.
Lucas Fernandez: “Jaurtiketetan, eta batez ere hirukoetan, aldeak egin ditugu hasiera-hasieratik, eta horrek zelanbaiteko abantailagaz jokatzea ahalbidetu digu”
Itzulerakoa, oso bideratuta.
Fernandezek bere jokalariek aurretiaz pentsaturiko estrategia “modu ezin hobean” errespetatu zutela azpimarratu du: “Modu oso agresiboan ekin diogu lehiari, baina defentsa ahaztu barik; jaurtiketetan, eta batez ere hirukoetan, aldeak egin ditugu hasiera-hasieratik, eta horrek zelanbaiteko abantailagaz jokatzea ahalbidetu digu”. Ez hori bakarrik: entrenatzaileak nabarmendu du taldeak partidu osoan zehar mantendutako “konsistentzia” giltzarri dela. “Defentsa ahaztu barik, errebotea dominatzeko gai izan gara, eta markagailuan aldeak egiten jarraitzeko ere bai; une batean ere ez gara norgehiagokatik atera, eta horrek ahalbidetu digu itzulerako partidurako errenta polita lortzea”.