"Harrobi emankor eta indartsu bat izatea funtsezkoa da"
Harrobi osasuntsu bat izatearen alde lan egitea eta emakumezkoen saskibaloia bultzatzea berebiziko balioak direla argi du Maialen Markuerkiaga muxikarrak.
Zeintzuk dira saskibaloi talde profesional bateko delegatuaren eginkizunak?
Zelaian zein zelaitik kanpo lan handia dago, eta lantaldeko kideon artean daramagu guztia. Kantxaz kanpokoari dagokionez, dokumentazioaz arduratzea, logistika kontuak antolatzea, jokalariek egunerokotasunean izan ditzaketen arazo zein zalantzak argitzea edo horretan laguntzea dagokigu. Gure kasuan, jokalari gehienak kanpotarrak direnez etxea, ibilgailua… behar izaten dute. Horren guztiaren atzean dagoen antolaketaz ere arduratzen gara. Ni, pertsonalki, taldeari ahal dudan alderdi guztietan laguntzen saiatzen naiz.
Talde teknikoarekiko antolakuntza eta harremana nolakoa da?
Oso ona. Lucas Fernandez entrenatzaileak sortutako lantaldea da, eta denboraldi honetan bigarren urtea beteko dugu elkarrekin. Iazko esperientzia oso positiboa izan zen, eta aurten elkar are gehiago ezagutzen dugunez, oso ondo konpontzen gara. Konfiantzazko eta gertuko harremana daukagu, eta horrek gure arteko komunikazioa oso argia izatea eragiten du. Aipatu nahiko nuke beti egon izan direla lan egiteko eta laguntzeko prest; nire kasuan, kide guztiak asko arduratzen dira nire ongizateaz. Gainera, talde gestioaz ez ezik, saskibaloiaz ere gauza asko irakasten dizkidate; emandako aukeragatik oso eskertuta nago.
Eta, zelakoa da jokalariekin duzun harremana?
Harreman guztiz profesionala da. Esan beharra daukat herriko jokalariak direnak aurretik ezagutzen nituela, eta beraz, lotura berezi bat dudala haiekin. Besteen kasuan, jokalari asko nire adin ingurukoak edo apur bat nagusiagoak dira, eta horrek ere gertutasun puntu bat ematen digu, konfiantza puntu gehigarri bat. Uste dut jokalariek hori asko eskertzen dutela. Iazko denboraldian talde profesionalagaz lanean hasi nintzenean, hasieran bitxia egin zitzaidan, adinaren kontuagatik, baina segituan ohitu nintzen. Denboraldi honetan ere harreman oso ona baina guztiz profesionala izaten ari da, elkar ondo ulertzen dugu.
Klubeko jokalaria ere izan zara. Nola eboluzionatu du klubak azken urteotan?
Jokalaria nintzenean, ez nintzen asko ohartzen barne-antolaketaz eta funtzionamenduaz, baina klubera entrenatzaile modura sartu nintzenetik, guztia beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera izan dut. Beti egon izan naiz oso gustura klubean, baina esango nuke azken urteotan klub barruko komunikazioan eta gertutasunean nabaritu dudala aldaketa nabarmen eta positiboena; oso babestua sentitzen naiz.
Harrobiak berebiziko garrantzia du zuentzat, ezta?
Harrobi emankor eta indartsu bat izatea funtsezkoa da, bai. Euskal Herriko lehiaketetan parte hartzen dugu, eta emaitza onak izan ditugu orain arte. Gernikatik edota Euskal Herritik irtetean ohartzen zara gurea bezalako herri txiki batekoak izanda, egiten dugunak meritu izugarria daukala. Azken finean, harrobiko jokalari gehienak herrikoak bertakoak dira, eta lehiatzen den moduan lehiatzea ez da batere erraza. Bestetik, lehen taldeari laguntzeko jokalariak eratzea ere garrantzitsua da, noski.
Esango zenuke harrobia, eta beraz, belaunaldi aldaketa bermatuta dagoela?
Bai. Harrobian argi ikusten da belaunaldiak aurrera doazen heinean, lan ona egiten ari garela; horren seinale da, adibidez, lehen taldera iristen den gernikarren kopurua. Aurten bi jokalari gernikar ditugu, baina denboraldiaurrean ere harrobiko bizpahiru jokalarik lagundu dute lehen taldean. Entrenatzaileei dagokionez ere bagara zenbait gazte entrenatzaile ibilbidea hasten ari garenak. Beraz, alde horretatik bide onean goazela uste dut.
Ane Olaeta eta Naia Zubiaga bezalako jokalariak lehen taldean izateak zer garrantzi du zuentzat?
Taldean jokalari euskaldunak ez ezik herrikoak izatea ezinbestekoa dela uste dut. Batetik, etxeko jokalariak izateak asko laguntzen du talde-kohesio eta antolamendurako, jokalari horiek bikain ezagutzen dutelako klubaren funtzionamendua. Bestetik, harrobiko jokalarientzako herriko erreferenteak izatea ere ezinbestekoa da. Ane Olaeta eta Naia Zubiaga klubeko kategorietatik pasatu dira, eta bide desberdina eginda ere, lehen taldera iritsi dira. Gainera, Gernika-Lumo herri euskalduna izanik, Ane eta Naia taldean egoteak saskibaloi profesionalean euskarak tokitxo bat izatea suposatzen du. Eta pertsonalki uste dut hori ere gauza ederra dela.
Bizkai eta Euskal Herri mailan egonkortuta dago Lointek Gernika Bizkaia. Zein da horren atzean dagoen sekretua?
Egiten den lana da garrantzitsuena. Gure jokalariak ez dira fisikoki bereizgarriak, beste edozein klubetan aurkitu daitezkeen gorputzak ditugu. Dauzkagun baliabideekin lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara, ordea. Klubaren atzean langile eta boluntario asko dago, eta horrek egiten du posible guztia. Kantxan eta kantxatik kanpo lan handia egiten da, eskura dauden baliabideak erabili eta inor baino lan gehiago egiten saiatzean dago sekretua. Jokalariei dagokionez, etxean bezala sentitu daitezen bilatzen dugu, eta bide batez, harrotasunez eta nortasunez jokatu dezaten.
Zelan ikusten duzu emakumezkoen saskibaloia gaur egun?
Aurrerapauso izugarriak egin dira azken urteotan. Endesa Ligan, esaterako, gero eta talde lehiakor gehiago daude. Klub asko emakumezkoen saskibaloiari baliabideak eskaintzen hasi dira, eta horrek liga askoz lehiakorragoa izatea suposatu du: gero eta maila handiagoko lantaldeak, pabiloi handiagoak, jokalari hobeak… daude. Baina, bide onean bagoaz ere, beti dago hobetzeko tartea. Emakumezkoen saskibaloia aldaketa prozesu batean dago, baina oraindik gauza asko hobetu behar dira, noski.
Eta, emakumezkoen saskibaloia urtez urte hauspotu duen klub bat izanik, zelan bizi izan duzue eta bizi duzue emakumezkoen kirolaren zapalkuntza?
Aurrerapausoak nabari dira emakumezkoen kirolean, baina oraindik toki askotan gutxietsita dagoela uste dut. Baliabide nahikoa izanda ere, sarritan horiek ez dira emakumezkoen sekziora bideratzen, eta penagarria da. Adibidez, jokalari berri asko harritu egiten dira Gernikara etorri eta klubeko jokalari erdia baino gehiago emakumeak direla konturatzean; ezohikoa dela esaten dute, beraien klubetan emakumeak bigarren planoan egon izan direla beti.
Zein gomendio emango zenieke harrobiko gazteei?
Lan asko egitea, baina, batez ere, bideaz disfrutatzea. Ze, urteak pasa ahala ohartzen zara bizitakoa eta ezagututako jendea dela oroitzen duzuna. Ez da batere erraza lehen mailara iristea. Uste dut jokalari gazteak bidea disfrutatzen eta ikasten enfokatu behar direla; beraien esku dagoen guztia egin dezatela, eta batzuei iritsiko zaie lehen taldera pausoa emateko momentua, baina uste dut horrek ez diela itsutu behar.