Denboraldiari ekiteko prest daude basurdeak
Gernika RTk 2025-2026 denboraldirako taldeak aurkeztu ditu. Lehen taldeak Elite mailako denboraldia abiatuko du domekan, eta aurtengo helburua dute play-offetara sailkatzea. Zuzendaritza taldeak, berriz, errugbian "gero eta jende gehiago" aritzeko lan egingo du.
Eraldaketaren denboraldia izan zen iazkoa Gernika Rugby Taldearentzat, egonkortzekoa, helburuak zehaztu eta horien bila joan, borrokatu eta lortzekoa. Denetarik izan zuen denboraldiak, baina alde onak izan ziren azpimarragarrienak: Ohorezko B Mailaren Elite Multzoko play-offetara sailkatzeko erronka zehaztu zuten, baita lortu ere. Izan ere, igoera kanporaketako finalera iritsi ziren. Iaz, talde izaera eraiki zuten, elkar ondo ulertu zuten basurdeek, eta oinarri horrekin aurtengo denboraldiari ekiteko prest daude.
Zelaian euren maila erakusten hasi aurretik, baina, herriari talde berriak aurkezteko asmoz, Azules tabernaren aurrean bildu ziren maila guztietako jokalariak, 120 kirolari gutxi gorabehera. “Seniorrak eurak bakarrik 50 inguru dira, eta gero, hamasei eta hemezortzi urtez azpikoetan, 40 kirolari inguru ditugu, eta beste 30 inguru eskolan”, azaldu du Mikel Bilbao zuzendaritza taldeko kideak. Talde teknikoko zein zuzendaritzako ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean, eta, musikagaz lagunduta, kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten basurdeek, Elite mailako taldetik hasi eta maila txikienetako jokalariekin amaitu bitartean. Urtero legez, guraso eta zaleek ez zuten aurkezpenera hutsik egin.
Aurten, bigarren maila bezala aurten finkatu den Elite Mailako Ohorezko kategorian parte hartuko du Gernika-Lumoko taldeak, izan ere, lehen aldiz finkatu da liga modura. Lehen, Ohorezko B Mailako azken fase modura bakarrik balio zuen, eta multzo geografiko bakoitzeko lehen hiru sailkatuak bakarrik sartzen ziren bertara —iaz Gernika Rugby Taldea elite maila horretara sailkatu zen— zortzi partidako bigarren itzuli labur bat jokatzeko, eta lau onenak play-offetan aritzeko; hala, iaz, Liceo Francesek maila gorenera itzultzea lortu zuen, finalean Gernika RT 32-29 menderatuta.
Oraingoan, baina, urteko liga formatu berria daukan zilarrezko kategoria horretan 10 taldek parte hartuko dute, buelta bikoitzean. Eta, jakinarazi dutenez, fase erregularraren amaieran, lehen lau sailkatuek titulua lortzeko play off bat jokatuko dute, txapelduna zuzenean Ohorezko Mailara igoz; finalerdiak partida bakarrera jokatuko dituzte, ondoen sailkatutakoaren zelaian: lehenengoa laugarrenaren aurka eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Gainera, maila berri horrek daukan berritasunik handiena da Errege Kopan parte hartzeko aukera izango dute liga horretakoek, maila goreneko hamaika taldeekin batera.
Hala, Elite mailako taldeari dagokionez, helburuak argi dituzte: iaz eskuratutako play off-etara sailkatzea. “Arten, maila mantentzea ez da helburua. Asmoa da play-offetara ailegatzea. Iaz lortutakoa berdindu gura dugu, eta play offetan sartzea posiblea izango ez balitz, ahalik eta goren geratu gurako genuke. Hori bai, behin play offetara ailegatuta, hori irabaztea izango litzateke asmoa, galtzera ez gara aterako eta. Beraz, aurtengo gure helburua play offetara sailkatzea izango litzateke”, azaldu du Bilbaok.
Eta, hori lortzeko, taldearen indargunera den “talde izaera” baliatuko dutela dio zuzendaritza taldeko kideak. Izan ere, iazko taldearen bizkarrezurra mantendu dute, kanpotik etorritako iazko sei jokalarik jarraitzen dutelako (Reynardt Nel, Tyran Fagan, Beau Peart, Bornwell Gwinji, Jaundre Nel eta Matias Gaggiano), eta bertokoen presentzia ere nabaria delako taldean. “Etxeko jokalariez gain, iazko seik errepikatu egiten dute, eta hori ona da, ze badakite nola jokatzen dugun, eta ez gara zerotik hasi behar eurekin lanean. Teknikoki errazagoa da, eta egonkortasuna ematen dio taldearo”, azaldu du.
Baina, kirol ezaugarriez eta teknikoez gain, taldearen izaera bateratua nabarmendu du Bilbaok: “Talde modura oso talde polita osatu genuen, ez bakarrik jolasteko orduan, baita zelaitik kanpo ere. Talde izaera handia egon zen, elkar ondo ulertu zuten, eta horrela jarraitu gura izan dugu aurten, bai zelai barruan, bai zelaitik kanpo. Ze, jendea pozik dagoenean, hobeto jokatzen du. Hala, ikusita iaz ze ondo egon ginen, eta zelako talde sentsazioa izan genuen, hori mantentzea erabaki dugu”.
Hala ere, badira fitxaketa berriak taldean, eta horiek apurka-apurka hasi dira taldera egokitzen, taldeari neurria hartzen. “Irailaren 1ean hasi ziren entrenatzen, eta momentuz ondo moldatu dira, nahiko ondo dabiltza. Baina egokitzapena luzea izaten da eta aurrerago ikusiko dugu nola doan taldea. Hala ere, pentsaera positiboarekin ari gara lanean, eta entrenamenduetan ematen du ondo moldatzen ari direla”, jakinarazi du Bilbaok.
Talde guztiaren batasun hori indartzeko eta taldea norabide jakin batean bideratzeko baina, ezinbestekoa da talde teknikoa, eta proiektuarekin jarraitzeko asmoz, talde teknikoa ere iazkoa izango da: Gorka Argul izango da entrenatzailea, eta lan horretan lagunduko dio Aitor Etxeberriak. Eurekin batera ariko dira Edu Lekunberri eta Ibon Undabarren delegatuak eta Aitor Oribe fisioterapeuta. “Beraiek taldea zuzentzeak proiektuarekin aurrera jarraitzea dakar; gogotsu gainera”.
Hala, iaztik eraikitako bideari jarraipena ematen hasteko aukera izango dute asteburuan basurdeek. Izan ere, ligako lehen jardunaldia lehiatuko dute domekan (irailak 21) Las Rozas Rugby taldearen aurka, 13:00etatik aurrera.
Errugbiari zabalkundea.
Lehenengo taldeen helburuez harago, Gernika RTren zuzendaritzak baditu helburu propioak: harrobia are gehiago lantzea eta “gero eta jende gehiago” errugbira gerturatzea. “Talde modura, gure helburu nagusienetakoa da –nagusiena ez bada– harrobia lantzea eta zaintzea. Gernika-Lumon eta inguruetako herrietan kirol hau gero eta jende gehiagok ezagutzea gura dugu, jokatzera hurbiltzea”, dio. Horrez gain, emakumeen taldeari forma ematea ere bada euren asmoa: “Badaude emakume batzuk izena emanda klubean, baina lehiatzeko Durangoko taldekoekin batzeko asmoa dute. Gure helburua hemen talde propioa sortzea izango litzateke”.
Jendeak, eta batez ere gazteek, errugbia kirol arriskutsua denaren aurreiritzia kentzea bilatu gura dute, eta hori lantzen ari dira. Kirola erakusten diete gazteei, entrenamendu moduko batzuk egiten dituzte, kirolaren ezaugarriak azaltzen dizkiete, eta kirolarekiko existitzen diren beldurrak kentzen ahalegintzen dira. Hala, harrobia hazten ari dela ikusten du Bilbaok: “Hazten dago. Gero eta jende gehiago dator klubera, eta hori oso ona da, ikara kentzen baitiote kirol honi”.
Horiek dira euren helburu nagusiak, eta txikiagoak ere badituzten arren, horietan ari dira beharrean.