Udal ikastaroetarako izen ematea, zabalik
Zabalik dago Gautegiz Arteagako udal ikastaroetarako izen ematea, irailaren 22ra arte.
Gautegiz Arteagako udalak abian du 2025-2026 ikasturtetako eskainiko dituen udal ikastaroetarako izen ematea, irailaren 22a bitarte. Aurtengo ikasturtean ere, arteagarrek edukiko dute non aukeratu, udal antolatzaileek denetariko ikastaroak prestatu baituzte. Pilates, yoga, abesbatza, umeentzako ingelesa, zumba eta mantentze gimnasia izango dira hautatu ahalko diren ikastaroak. Denetarako ala denetarako izen emate dokumentuak eskuragarri dituzte herritarrek. Horiek eskuratzeko, udalaren web orrialdera edota kultur etxera jo beharra dute, eta aipatutako epemuga orduko beteta aurkeztu.
Pilates saioak martitzen, eguazten, eguen nahiz barikuetan emango dituzte: astelehenetan zein eguenetan, lehenik, 17:30etik 18:30era eta, jarraian. 18:30etik 19:30era; eguazten nahiz barikuetan, ostera, 17:30etik 18:30era bitartean. Ikastaroaren prezioa 80 eurokoa da. Yoga astelehen eta eguaztenetan emango dute, 18:15etik 19:45era artean, eta 120 euroren truke. Abesbatza eguaztenero elkartuko da, 20:00etatik 22:00etara, 80 euroko prezioagaz. Umeentzako ingeles saioei dagokienez, eguenetan egingo dituzte, 17:30etik 18:30era, 80 euroren truke.
Astelehenak eta eguaztenak, bestalde, zumba saioen egunak izango dira; 17:30etik 18:30era artean emango dituzte, 80 eurogatik. Mantentze gimnasia hautatzen dutenek eguaztenetan edukiko dute hitzordua, 16:30etik 17:30era bitartean eta 80 euroko prezioan. Halaber, udaletik aurreratu dute Gautegiz Arteagan erroldaturik dauden herritarrek lehentasuna edukiko dutela izen emateak osatzerakoan, “toki mugatuak” baitituzte. Ez hori bakarrik: herritarrei gogoratu diete saio bakoitzak “gutxienez” zortzi laguneko partaidetza eduki beharko duela, aurrera egingo baldin badu. Amaitzeko, gogoratu dute edozein ikastarotarako izen emateak “urte osorako konpromisoa” eskatzen duela.