Lumorako igoeraren langa nork gaindituko
Zapatuan [irailak 19] VI. Lumora Kronoigoera egingo dute, 17:30ean hasita.
Datorren zapatuan [irailak 19] Lumora Kronoigoeraren VI. ekitaldia egingo dute. Aixerrotape Zikloturista Elkarteak antolatutako herri ekimenak eskualdeko txirrindulari nahiz zikloturistak elkartzea izango du helmuga, gazte nahiz nagusi “ziklismo arratsalde eder batez” gozatzera anima daitezen. Aurretiaz zabaldu dute izen ematea QR bidez, eta gaur-gaurkoz “dozena bat lagun” konfirmatuta dituzte. Edozelan ere, zapatura bertara itxoiten dutenek ere izango dute aukerarik parte hartzeko, aditzera eman dutenaren arabera: “Egunean bertan izena emateko aukera egongo da; 60 bat txirrindulari elkartzea aurreikusten dugu, eta jendeari animatzeko deialdia luzatu gura diogu”.
Aurten, irteera eremua izango da berrikuntza nagusia. Izan ere, Pasealekuko ohiko irteeraren ordez, parte hartzaileak Merkurio aurrealdetik hasiko dira pedalkada, banakako lehian. Egunean izena emateko, 16:00retatik aurrera irteera eremura bertaratu beharko da. Adinez gazteak direnek doako izen ematea edukiko dute, eta federatutako nagusiek, berriz, bost euro ordaindu beharko dituzte; federatu gabekoek, berriz, zazpi euro.
Merkuriotik, Andra Mari eliza paretik igaroko dira, jarraian Lumorako errepideari heltzeko; guztira, kilometro eta erdia inguruko eta bataz besteko %8ko aldapadun lanak edukiko dituzte, etengabeko igoeran. Gaztetxoen parte hartzea ekimenaren jomuga nagusietako bat denez, 15 urtetik beherakoek beren sailkapen propioa edukiko dutela iragarri du antolakuntzak.
Erlojupeko saio batek beregain duen “konpetizio kutsuaz” harago, jai giroa eta lagunarteko aldartea izango dira egitasmoaren ardatzak: “Jan-edana eta giro ona gailentzea da garrantzitsuena; maila fisikoa edonolakoa izanik ere, herritar eta txirrinduzale denak ondoetorriak dira”. Partaide denek lanak biribildu ondoren, 19:00ak aldera, irteera hartu duen Merkurio gunea sari banaketa ekitaldiaren kokaleku bihurtuko da. Bertan, “herriko zein inguruko komertzioek” emandako produktuak banatuko dituzte, baita Munitibarko Sindikatu eta Gernika-Lumoko Zallo jatetxeetan bazkari sariak ere.
Iazko V. ekitaldian, Tamara Pinto eta Ugaitz Arrieta izan ziren bizkorrenak. Arrietak, gainera, probaren errekor berria poltsikoratu zuen, 04.10eko denbora eginda; hamar segundotan hobetu zuen Ekaitz Lejarzegik aurretiaz ezarritako langa. Pintok, ostera, 06.57an gelditu zuen erlojua.